Ekonomia -
Ekonomiaren bilakaera
BPG % 0,5 jaitsi da lehen hiruhilekoan
Espainiako ekonomiak zazpi hiruhilekotan jarraian egin du behera. De Guindosen ustez, ekonomiaren jaitsiera "ez da hain txarra" aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero.
Erredakzioa
Espainiako ekonomia % 0,5 jaitsi da 2013ko urtarrila eta martxoa artean, aurreko hiruhilekoan baino hiru hamarren gutxiago egin du behera, Estatuko Estatistika Institutuak aurreratu duenez.
Urte arteko bataz bestekoari erreparatuz gero, Barne Produktu Gordina % 2 erori da.
Espainiako ekonomiak zazpi hiruhilekotan jarraian egin du behera, 2011ko hiruhilekoaz geroztik berreskuratze apal baten ostean atzeraka hasi eta gero.
Estatuko Estatistika Institutuaren (INE) arabera, 2013ko lehen hiruhilekoan, ekonomiak, batik bat, espainiako barne eskaria dela eta egin du behera. Datorren maiatzaren 30ean argitaratuko du behin betiko datua.
Bestalde, familien kontsumoa epe laburrean errekuperatzeko marjina handirik ez dagoela iragarri dute, familiek aurrezteko gaitasun txikia dutelako, oso zorpetuta daudelako eta lan merkatuan ziurgabetasun handia dagoelako.
Luis de Guindosen iritzia
Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroaren arabera, BPGren % 0,5eko jaitsiera aurreko hiruhilekoarekin alderatuta "ez da hain txarra", 2012ko azken lauhilekoan % 0,8 egin zuen behera ekonomiak.
Halaber, Espainiako ekonomiaren adierazle guztiek "suspertze bat islatzen" dutela adierazi du.
De Guindosek Onda Ceron egin ditu adierazpen horiek, datua "txarra" dela aitortu du, baina 2012ko azken hiruhilekokoa baino hobea dela azpimarratu du eta ordainketen balantzaren superabita BPGren % 2 eta % 3 artean kokatu den itxaropena agertu du.