Ekonomia -

Diputatuen Kongresua

Ostiralean ez dutela zergarik igoko ziurtatu du Rajoyk

Bestalde, arrisku saria jaitsi izanak bere politika ekonomikoa eraginkorra dela islatzen duela esan du.

Mariano Rajoy Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Rajoyk murrizketa gehiago iragarri ditu, baina ez dira izango hain 'zorrotzak'

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak datorren ostiraleko Ministroen Kontseiluan ez dutela zergarik igoko ziurtatu du.

"Ez dago zergarik ostiralean", hala erantzun die Rajoyk Diputatuen Kongresuko korridoreetan bildutako kazetariei. Datorren ostiralean zergen balizko igoera baten harira herritarrei lasaitasun mezurik igortzerik bate ote duen galdetu diote kazetariek eta igoerak baztertu ditu Rajoyk.

Exekutiboak ostiralean onartu behar dituen aurreikuspen berrietan murrizketa zorrotzik ez dela izango bermatu zuen atzo (asteartea) Mariano Rajoyk, baina aurreratu zuenez, litekeena da Aurrekontuetako partida zehatzak murriztea.

Halaber, aurten BEZ edo PFEZ zergak ez dituela igo nahi azaldu zuen Espainiako presidenteak, baina Gobernuaren erabakiak hazkunde ekonomikoak eta defizitaren murrizketak baldintzatuta egongo direla erantsi zuen.

 

Kontrolerako saioa

Mariano Rajoyren iritziz, arrisku sariaren jaitsierak bere politika ekonomikoak funtzionatzen duela islatzen du eta Bruselak defizitaren helburua betetzeko epea luzatzearen aukera bere Gobernuak lortu duela azpimarratu du, eta "ez  PSOErenak".

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren buruak murrizketak alde batera utzi eta herritarrei sufrimendua saihestuko dien neurriak hartzeko eskatu dio Rajoyri Diputatuen Kongresuan, kontrolerako saioan.

Rajoyren ustez, defizita murrizteko azken hilabeteetako politika ekonomikoarekin jarraitu behar da, erreforma gehiago egin behar dira.

Politika hori eraginkorra dela erakusten duten datuak daudela esan du Rajoyk, kanpo defizitaren hobetzea, exportazioen igoera, ordainketa balantzaren superabita, atzerriko inbertsioaren itzulera edota merkatuen jarrera ona, besteak beste.

"Jada ez gara 2010eko prezioekin finantzatzen ari, arrisku saria ongi dago, eta beraz, ez dugu zuen politika zaharkituetara, hona ekarri gaituzten horietara, itzuli behar", esan dio Rajoyk Rubalcabari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Zerga politika