Ekonomia -
Aurrekontu proposamena
Arabako Batzar Nagusiek atzera bota dituzte 2013ko aurrekontuak
Diputazioak aurrekontuak luzatu beharko ditu, oposizioko alderdiek ez dituztelako kontuak babestu.
Arabako Foru Aldundiak 2013. urteari begira aurkeztutako aurrekontu proposamena bozkatu dute gaur Batzar Nagusietan, eta oposizioko alderdiek ez dituzte kontuak babestu. Ondorioz, Arabak aurtengo aurrekontuak luzatu beharko ditu.
Gaurko bozketan aurreikuspenak bete dira, eta Bildu, PSE-EE eta EB alderdietako batzarkideek osoko zuzenketen alde bozkatu dute, eta EAJko ordezkariak abstenitu egin dira. Beraz, datorren urterako kontuak atzera bota dizkiote Javier de Andresen Gobernuari.
"Hamar urtean" lehen aldiz itzuliko dizkiote kontuak Arabako Diputazioko Gobernuari.
Sozialistek iaz babestu egin zituzten aurrekontuak, baina aurten kontrako botoa ematea erabaki dute. PSE-EEk arduragabekeria egotzi dio PPren gobernuari, gutxiengoan agindu arren, “murrizketak ardatz dituen aurrekontuak aurkeztu dituelako, gainerako alderdiekin negoziatu gabe”.
Ramiro Gonzalez EAJko bozeramaileak eskua luzatu dio Javier de Andres ahaldun nagusiari, aurrekontuak “ahalik eta modurik onenean” luzatzeko. Jeltzaleek “lurraldeari kalte egitea eragotzi nahi” dute, baina elkarrizketa jarri dute baldintza gisa.
Ana Morales popularrak gogor kritikatu du PSE-EEren jarrera. Horren hitzetan, sozialistek kontuak luzatu nahi zituzten hasieratik, PPren gobernua ahultzeko, eta Bilduren besoetan erori izana leporatu die. Jeltzaleen harian, berriz, Iñigo Urkulluk erakundeei egonkortasuna emateko hartu zuen konpromisoa hautsi dutela esan du.
Gorka Ortiz de Guinea Bilduko ordezkariaren arabera, aurrekontu proposamenak ez du enplegua sustatzeko eta arabarren arazoak konpontzeko neurririk jasotzen.
Nerea Galvez EBko kidearen iritziz, aurrekontu proposamena aurtengoa baino eskasagoa zen, eta horregatik erabaki du EBk kontuak atzera botatzea.
Javier De Andres ahaldun nagusiak azaldu duenez, jeltzaleek aurrekontuak onartzea jasotzen zuen PPk eta EAJk lortutako akordioak. Beraz, EAJk azkenean abstentziora jotzeko asmoa ez da aurrekontuen inguruko ''desadostasunen'' ondorioz hartutako erabakia, ''Sabin Etxean hartutako erabaki politiko bat baino''.
Arabako egoerak Bizkaiko eta Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak aurrera ateratzerako garaian eraginik izango duen ikusteko dago oraindik.