Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020
Zinemaldia
70. edizioa
N. V. | EITB Media
Mikel Gurrea donostiarraren eta Fernando Francoren film luzeak, azken hori Telmo Irureta aktorea protagonista duela, Urrezko Maskorra lortzeko bidean abiatuko dira, zinema jaialdiak gaur Madrilen iragarri duenez.
Albisteak (3)
Zinemaldiko Sail Ofizialean izango dira Suro, Mikel Gurrea donostiar zinemagilearen (Heltzear, Txoria...) lehen film luzea, eta La consagración de la primavera, Fernando Francok zuzendu duen, Telmo Irureta protagonista duen eta Kowalski Films donostiar etxeak ekoitzi duen filma, Donostiako zinema jaialdiak gaur Madrilen, irailaren 16tik 24ra bertan proiektatuko diren Espainiako Estatuko filmak aurkezteko egin duen ekitaldian iragarri duenez. EITBk bi filmotan hartu du parte.
Horiez gain, beste sail batzuetan ikusgai izango dira A los libros y a las mujeres canto Maria Elorzaren lehen film luzea (New Directors); Hirugarren koadernoa Lur Olaizolaren lana (Zabaltegi-Tabakalera); Cuerdas Estibaliz Urresolarena (Zabaltegi-Tabakalera) eta Black Is Beltza 2: Ainhoa, Belodromoan ikusi ahalko dena.
Suro Mikel Gurreak berak eta Fran Kosterlitzek idatzi dute, katalanez dago filmatuta eta Ivan eta Elena (Pol Lopez eta Vicky Luengo) bikotearen istorioa kontatzen du. Oinordetzan jasotako kortxo ustiategi bat berriz martxan jartzea erabakiko dute bizibidea ateratzeko, baina, halako batean, zirt edo zart egin beharko dute, beren ingurua eraldatzen saiatu edo bertara egokituko diren erabaki, atzerritar jabeak izateak jartzen dien zamak eta bertako langileen eta etorkinen arteko tentsio gero eta handiagoak bultzatuta. Abenduaren 2an iritsiko da filma zinema aretoetara.
La consagración de la primavera-k, berriz, Lauraren (Valeria Sorolla) istorioa du ardatz, Madrilera iritsi berritan ikasleen egoitza batean ezarri den neska gaztearena. Gau batean, ausaz, David (Telmo Irureta) ezagutuko du, Isabel amarekin (Emma Suarez) bizi den eta garuneko paralisia duen mutil bat. Beraiekin hasiko duen harremanak heldutasunerako bidea erraztuko dio Laurari.
A los libros y a las mujeres canto filmean, Maria Elorzak (Gasteiz, 1988) "epikarik eta armarik gabe" liburuak "suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka" zaintzen duen emakumeen armada bat omendu du.
Hirugarren koadernoa film laburra Zabaltegi-Tabakalera sailean proiektatuko da lehiaketatik kanpo, eta gidoi batean lanean ari diren zuzendari bat eta aktore bat erakusten ditu. Gidoi horrek Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes-ek 1980 eta 1985 bitartean, ETA utzi eta Mexikon erbesteratuta zegoela idatzi zuen egunkariaren zati batzuk jasotzen ditu.
Cuerdas izeneko Estibaliz Urresolaren film laburra Cannesen estreinatu zuten Kritikaren Astean, eta Rita adineko emakumearen abesbatzaren istoriotik abiatzen du kontagaia. Entseatzeko lokala galtzear daudela, erabaki beharko dute beren haraneko enpresa kutsatzaileenetako baten babesletza onartzen duten ala ez.
Black Is Beltza 2: Ainhoa Fermin Muguruzaren animaziozko istorioaren bigarren zatia da. Ainhoa eta Josune iniziazio bidaia batean murgilduko dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira, eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira.
Pilar Palomero eta Jaime Rosales, Urrezko Maskorraren bila
Euskal filmez haratago, La maternal (Pilar Palomero) eta Girasoles silvestres (Jaime Rosales) pelikulak ere lehiatuko dira Urrezko Maskorra irabazteko, Donostiako nazioarteko zinema jaialdiaren 70. edizioan.
La maternal Pilar Palomeroren (Zaragoza, 1980) bigarren film luzea da, bere debuta izan zen Las niñas filmarekin zuzendaritza eta gidoigintza onenen sariak irabazi eta gero, eta, oraingoan, 14 urteko neskato bat (Carla Quilez) du protagonista; ama izaten ikasteko prozesua erakutsiko digu.
Jaime Rosales (Bartzelona, 1970) ere itzuliko da Donostiako jaialdiaren Sail Ofizialera Tiro en la nuca lanarekin (2008) Fipresci saria jaso eta gero. Girasoles silvestres pelikulan, Anna Castillo bizitza hobe baten bila ari den ama bat da.
Gainera, Alberto Rodriguezek Modelo 77 pelikula aurkeztuko du Zinemaldia irekitzeko, jakina zenez.
Horrez gain, El sostre groc Isabel Coixeten ez-fikziozko lana Sail Ofizialeko emanaldi berezia izango da, eta Apagón Movistar+en bost ataleko telesaila ere erakutsiko dute lehiatik at, zeina Rodrigo Sorogoyenek, Raul Arevalok, Isa Campok, Alberto Rodriguezek eta Isaki Lacuestak zuzendu baitute.
Perlak atalean, Isaki Lacuestaren eta Rodrigo Sorogoyenen azken lanak erakutsiko dituzte, Un año, una noche eta As bestas, hurrenez hurren. Gainera, Los renglones torcidos de Diosek itxiko du sail hori, Oriol Paulok zuzendu duen Torcuato Luca de Tenaren eleberri arrakastatsuaren egokitzapenak, Barbara Lennie eta Eduard Fernandez protagonista dituena. Loreto Mauelon aktoreak ere egin du lan filmean.
Belodromoan, Black Is Beltza 2: Ainhoa ez ezik, honako film hauek ere ikusi ahalko dira: Rainbow, Ozeko aztiaren Paco Leonen bertsioa; eta Sintiéndolo mucho, Fernando Leon de Aranoak Joaquin Sabinari buruz egin duen dokumentala.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa