09:30

Zinema

Goya sariak

Eneko Sagardoy: '13 izendapenak saria dira filmarentzat'

Natxo Velez | eitb.eus

“Handia”, euskarazko inoizko pelikula ikusiena, aurten Goya sarietarako izendapen gehien dituen filma da. Hautagaiotako bat Eneko Sagardoy aktorea da, gizonezko aktore berri onena irabazteko izendatua

  • Eneko Sagardoy Altzoko Handia da 'Handia' flmean

    Eneko Sagardoy Altzoko Handia da 'Handia' flmean

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eneko Sagardoy (Durango, 1994) euskal zinemaren aurpegia da azkenaldian. Antzerkian egiten diharduen lanaz haraindi, bi film estreinatuko ditu hurrengo asteotan (Cuando dejes de quererme eta Errementari), eta Handia-n eginiko lanak gizonezko aktore berri onenaren Goya sarirako izendapena ekarri dio. Belako taldearen azken bideoklipean ere ikusi dugu orain berriki.

Larunbateko, otsailaren 3ko, galaren atarian, Sagardoyrekin hitz egin dugu Altzoko Handiaren paperak ekarri dion guztiaz.

Nola jakin zenuen izendapenaren berri?

Telefonoz jarraitu nuen izendapenen prentsaurrekoa. Antzezlana neukan gauez, eta eszenografia muntatzen genbiltzan, Bilbon.

Ikusi dituzu zure sail berean izendatuta dauden beste aktoreen lanak (Pol Monen, Amar; Eloi Costa, Pieles; Santiago Alverú, Selfie)? Zer iruditu zaizkizu?

Ikusi ditut, bai. Oso lan desberdinak dira lauronak, baita pelikulak ere. Lan ausartak iruditu zaizkit, bakoitzaren ibilbidean mugarri izango direnak.

Handia da aurtengo Goyetarako izendapen gehien jaso dituen filma. Non dago, zure ustez, Handia-ren arrakastaren giltzarria?

Bada, ez dakit. Niri gauza asko gustatzen zaizkit, baina oso barruan nago kanpotik begiratzeko.

Dena den, uste dut dena gustatu zaiela Akademiako kideei, 13 izendapenak saria dira filmarentzat, azkenean sariak irabazi edo ez.

Zer aurreikuspenekin joango zara galara? Nola biziko duzu?

Saiatuko naiz ahalik eta lasaien egoten. Ia-ia atal guztietan izendatuta gaudenez, denbora guztian tentsio txikian izango gara. Baina disfrutatzea espero dut, kuadrilla ederra goaz.

Datorren hilean Cuando dejes de quererme filma eta martxoan Errementari Paul Urkijoren lana estreinatuko dituzu. Zelako filmak dira?

Cuando dejes de quererme thriller erromantikoa da. Nire pertsonaia Felix da, traidore bat itxuran. Pelikulan, hala izan ote zen argitu nahiko da, besteak beste, eta maitasuna, iragana eta memoria oso presente daude.

Errementari ipuin fantastiko eta beldurgarria da: deabruak, sua, baso sakonak... Ez du inor hotz utziko.

Zer beste lan dituzu aurretik?

Bi filmen estreinaldiak, esan bezala, eta Heriotza Bikoitza antzezlanarekin emanaldiak egiten gabiltza. Obabakoak ere udazkenean itzuliko da, Europan zehar bira egingo dugu eta.

 


Eta zuretzat, zein izan dira urteko kutunak, zineman? Zer film eta interpretaziok eman dizute?

 

Espainiar Estatuan, Lino Escaleraren No sé decir adiós filmak eta Nathalie Pozak eta Juan Diegok bertan egiten duten lanek txundituta utzi ninduten. Oriol Plá ere zoragarri zegoen Incerta gloria-n.

Baina nire filmik gustukoena Estiu 1993 izan da, dudarik gabe. Dena maite dut film horretan.

 

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena