kultura
GURE ZIRKUA
eitb.eus
Karpa abuztuaren 16ra arte egongo da zabalik, eta egunero emanaldi bakarra izango da, 19:00etan.
Gure Zirkuak udan zabalduko ditu ateak berriro, betiere Osasun Sailak ezarritako segurtasun-neurriak betez. Karpa Orion jarri dute, eta gaur hasi eta abuztuaren 16ra arte eskainiko ditu emanaldiak.
Oraingo honetan, egunean ikuskizun bakarra egingo dute, emanaldi bakoitzaren ostean desinfekzio lanak egin behar baitira. Emanaldiak dirauen bitartean, ikusleek segurtasun-tartea zaindu eta maskara jantzita izan beharko dute.
Iker Galartza Gure Zirkuko zuzendariak Euskadi Irratian azaldu duenez, karpa berri bat alokatu dute Portugalen, aurrekoak ez baitzituen beharrezko segurtasun-neurriak betetzen. Muntaketa-lanetan, ohikoak baino 4-5 lagun gehiago behar izan dituzte. Karpa muntatzeko eta desmuntatzeko dinamika alde batera utzi behar izan dute, astero edo 15 egunetik behin beste herri batera joatea baitzen euren errutina.
Galartzaren aurreikuspenen arabera, emanaldiak Orion izango dira oraingoz, aipatutako aldian, eta "ikusiko dugu zer gertatzen den aurrerago".
Sarrerak leihatilan eta Gurezirkua.eus webgunearen bidez lor daitezke. Gure Zirkua webguneko datuen arabera, baina, uztailaren 29ra arteko sarrerak agortuta daude jada.
Emanaldiei dagokienez, aurreko urteetako ildo beretik egingo dituzte: malabarak, trapezistak, magia eta musika izango dira protagonistak. 14 artistak osatuko dute aurtengo taldea, eta horietatik 12 igoko dira oholtzara.
COVID-19aren pandemia dela eta, banaka eta telematikoki entseatu behar izan dute. Hala ere, Gure Zirkuko zuzendariaren esanetan, Orioko Udalak karpa aurretik muntatzeko aukera eman die, eta, egun, denak batera entseatzen ari dira.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa