20:58

kultura

Ustezko faltsutzea

Horrela izan da Iruña-Veleiaren auziaren epaiketa

EITB.EUS

Bi dira akusatuak: Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohia eta haren kolaboratzaile bat. Oscar Escribano geologoa ere auzipetuta zegoen, baina erruduntasuna aitortu eta lekuko gisa deklaratu du.

  • Escribano, Gil eta Cerdan, epaiketan zehar.

    Ezkerretik eskumara, Escribano, Gil eta Cerdan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gasteizko Zigor arloko 1. Epaitegiak epaiaren zain utzi du asteazken honetan Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako grafitoak faltsuak ote diren ebazteko epaiketa. Ahozko epaiketa otsailaren 3an abiatu zen, eta bi pertsona izan dira akusatuen aulkian: Eliseo Gil aztarnategiaren zuzendari ohia eta haren kolaboratzaile bat, Ruben Cerdan fisikaria. Hirugarren akusatu bat ere bazegoen epaiketa hasterako, Oscar Escribano geologoa, baina akordioa lortu zuen Fiskaltzarekin eta akusazioarekin, eta erruduntasuna aitortuta, lekuko gisa deklaratu zuen.

Eliseo Gilentzat 5 urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak, ondare historikoaren gaineko delitu jarraitu bat eta iruzurra egotzita. Halaber, omisio delitua ere leporatu dio, eta horrela, piezak faltsuak zirela jakin eta hori saihesteko ezer ez egiteagatik ere zigor dezakete. Cerdanentzat bi urte eta erdiko eskaera egin du fiskalak, iruzur delitu jarraitua eta agiri pribatuak faltsutzea egotzita. Akusazioak, Arabako Foru Aldundiak, bat egin du Fiskaltzak Gilen kasuan proposatutako aldaketarekin baina aurrez egindako zigor eskaerari eutsi dio: 7 urte eta erdi. Cerdanentzat 3 urte eta 9 hilabeteko zigorra galdegin du. Defentsek absoluzioa galdegin dute. 

Oscar Escribano geologoa akusatuen aulkian jesarri zen, baina epaiketaren lehen egunean akordioa lortu, eta grafitoetako bat faltsutu zuela aitortu zuen. Lekuko gisa egindako deklarazioan esan zuenez, "txantxetan" idatzi zuen aztarnategiko pieza batean "Veleia" hitza. Escribanori urtebeteko kartzela zigorra (ez da espetxean sartuko) eta 2.232 euroko isuna ezarri diote.

Hirugarren akusatuak erruduntasuna aitortu eta lekuko gisa deklaratu zuen

Hain justu, akordio horrekin eta bi akusatuen deklarazioarekin abiatu zen epaiketa, hilaren 3an. Gilek eta Cerdanek errugabeak zirela berretsi zuten. Eliseo Gil historialari eta aztarnategiko zuzendari izandakoak ukatu zuen 2005-2006 urteetan topatutako grafitoak faltsutu izana, eta "faltsutzea zientifikoki inoiz frogatu" ez dela azpimarratu zuen.

Ruben Cerdan fisikoak ere Iruña-Veleiari buruz egin zituen txostenak faltsutu zituela ukatu zuen, edota txostenak beste batzuetatik kopiatu zituela. Horren ustez, bere aurkako akusazioa "mendekuan" oinarritzen da, ingurumen auzi batean udaletxe baten aurkako espedienteari hasiera eman ziolako.  

Idoia Filloy Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendarikide ohi eta arkeologoak lekuko gisa deklaratu zuen hurrengo egunean, eta Gilek esandakoa baieztatu zuen. Alegia, aurkitutako grafitoak faltsuak zirela esateko "ahobatezkotasun zientifikorik ez" dagoela. Horrez gain, adierazi zuen arkeologia aztarnategi hartan 2005 eta 2006 bitartean lan egin zuten adituetako batek ere ez zuela zalantzan jarri aurkitutako grafitoak edota erabilitako metodologia. Ildo beretik mintzatu zen Ainhoa Gil ruña-Veleiako zuzendari ohiaren arreba eta aztarnategiko langilea. Adierazi zuenez, irregulartasunak salatu zituzten hiru arkeologoek "pozik" hartu zituzten aurkikuntzak eta inoiz ez zituzten zalantzan jarri. 

Oso bestelakoa izan zen Miguel Angel Berjón eta Jose Angel Apellaniz arkeologoen testigantza. Biak ala biak Iruña-Veleian egon ziren lanean, baina une batean hura utzi eta "irregulartasunak" salatu zituzten. Biek azaldu zutenez, grafito guztiak garbiketa fasean topatu zituzten, ez lurretik ateratzean. Halaber, erabilitako metodologia kritikatu zuten "trazabilitatea egiaztatzen" ez zuelako.

Langile batzuk aztarnategian beharrean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

Iruña-Veleian aritutako beste arkeologo batzuek ere tesi hori baieztatu zuten. Raul Sanchez, Xabier Reparaz eta Daniel Vallo langile ohiek antzeko adierazpenak egin zituzten eta piezak faltsututa zeudela azpimarratu zuten. Reparazek, adibidez, azaldu zuen pieza handi bat atera zuela lurretik eta ez zuela grafitorik. Gerora, aurkikuntzen artean aurkeztu zutenean, "ezinezkoa" zela pentsatu zuen. Vallok, bestalde, azpimarratu zuen grafitoak garbiketa fasean aurkitzen zituztela beti, eta fase hori Eliseo Gilen arrebaren esku zegoela.

Iker Filloyk, Idoia Filloyren nebak eta Lurmeneko (aztarnategia kudeatzen zuen enpresa) ekonomialariak adierazi zuenez, enpresak ez zuen interes ekonomikorik aurkikuntza arkeologikoak egiteko, eta enpresak Eusko Trenekin zuen akordioak ez zuen aurkikuntzak egitea exijitzen.

Adituen txanda

Lekukoen testigantzen ostean, adituek deklaratu zuten epaiketan. Aurrenekoak auzia ikertu zuten ertzainak izan ziren. Agenteen ustez, ikerketak egiaztatu zuen "era guztietako nahasteak, irregulartasunak, anomaliak eta kriminalitate-zantzuak kateatu zirela" eta "gertatutakoa erromatarren munduko material arkeologikoen gainean egindako faltsifikazio edota manipulazio handiena zela". Horrez gain, susmopean zeuden piezen zaintza "egokia" izan zela nabarmendu zuen (defentsak zalantzan jarri zuen hori).

Bestalde, hiru grafologok, Ertzaintzaren bik eta Arabako Foru Aldundiarentzat txosten bat egin zuen aditu batek, ezin izan zuten ebatzi idazkunak esku bakarrak egin zituela, "kointzidentzia morfologiko oso esanguratsu, deigarri eta adierazgarriak" atzeman zituzten arren.

Deklarazio irmoagoa egin zuen biharamunean deklaratu zuen beste kaligrafo batek. Horren arabera, grafitoak "esku berak egin zituen". Azaldu zuenez, nork bere modu "pertsonala eta berezkoa" du idazteko, eta modu hori, azkenean, beti geratzen da agerian, kopiatzen ari garen arren. Defentsak zalantzan jarri zuen aditu horrek erabilitako metodoa, Photoshop editoreaz baliatuta atera zituelako ondorioak.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren Ondareko teknikari batek ere deklaratu zuen. Azaldu zuenez, kaltetutako piezen balioespen "abstraktua, generikoa" egin zuen, eta ondorioztatu ustezko faltsifikazioengatik "pieza bakoitzak 600 eurotik gorako kaltea" izango lukeela.

Epaiketaren azken txanpan sartuta, Espainiako Kultura Ondarearen Institutuko geologo batek eman zituen azalpenak. Aztarnategiko 39 zeramika-pieza aztertu zituen adituak (ustez, 476tan egin zituzten grafito faltsuak)eta ondorioztatu zuen "zalantzarik gabe" 39 horietako 35ek "jatorri garaikidea" zutela. Are, horren ustez, "faltsifikazio" batzuk "guztiz baldarrak" ziren.

Horri kontrajarriz, eta defentsak eskatuta, bi grafologok txostena egin eta ondorioztatu zuten piezen gaineko idazkunak ez zituela Gilek egin. Adituek Gili ezten batez zeramika zati batzuen gainean idazteko eskatu zioten, eta gero ustez faltsututako grafikoekin alderatu zituzten. Grafologoen ustez, Gilek egindako laginak eta grafito faltsuak "erabat ezberdinak" ziren, irudietako simetriari, makurdurari, presioari eta norabideari dagokienez.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena