Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka 2020 |EITB Durangoko Azoka

#-cultura/azoka-#

13:25

Durangoko Azoka

Mahai ingurua

Handia ote da euskal zinema?

Natxo Velez | eitb.eus (Durango)

“Handia efektua: zerk mugitzen gaitu” mahai ingurua hartu du gaur Durangoko Azokak, Irudienea ikus-entzunezkoen plazan, zinea.eus webguneak antolatuta.

  • Durangoko azoka

    Durangoko azoka

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euritsu eta eguraldi goibelaz hartu gaitu gaur, hirugarren egunean, Durangoko Azokak, “iluntasunak puztutako hodei handien” soinura dantzan, Raymond Carver idazleak esango zuen moduan. Zinema aretoaren epelean babestuta beste inon baino hobeto egongo ginen ustean, Irudienean aurkitu dugu aterpea, “Handia efektua: zerk mugitzen gaitu” mahai inguruari adi.

zinea.eus webgunearen eta Ganbara euskal zinemaren datu basearen arduradunek antolatuta, Angel Aldarondo Iratxe Fresneda, Santi Leone, Amaia Servilla eta Zigor Etxebeste adituek euskal zinema hartu dute hizpide, Maialen Goñi moderatzailearen gidaritzapean.

Joseba Usabiaga eta Eneko Sagardoy “Handia”ko aktoreak publiko artean zeudela, egungo egoerara ekarri gaituzten filmen errepasoa egin dute hizlariek lehenik eta behin: “Aupa Etxebeste” (euskarazko filmografian bide berriak ireki eta loraldia ireki zuela esan du Zigor Etxebestek), “Asier eta biok” (formari eta gaiari begiratuta “ausarta” izan zela esan du Fresnedak), “Loreak” (“urrezko aroari” hasiera eman ziola iritzi dio Angel Aldarondok) eta “Amama” (Leonek euskalduntasuna irudikatzeko modu hori atsegin ez duela esan du).

Hain zuzen ere, Aldarondok aurreratutako ideian sakonduta, azkenaldian euskal zinemak izan duen gorakadaren atzean “anbizioa” aurkitu dute solaskideek. Aldarondok azaldu duenez, “bide motzeko filmak” egiten ziren ordura arte, eta “80 egunean” edo “Loreak” lanetan (“Handia”n ere bai noski), "egiletza" bat nabarmentzen da, asmo estetiko handia.

Zergatik 90.000 ikusle?

“Handia”k, Zigor Etxebesteren aburuz, Donostiako Zinemaldiak azken urteetan euskal zinemari eskainitako bultzada izan du lagun jende gehiagorengana heltzeko, eta Moriarti ekoiztetxekoek orain arte egindako lan txukunak ere akuilatu du, “film ona izateaz gain”, noski: “Bide baten emaitza da lan jakin honen arrakasta”, biribildu du.

Bestalde, Amaia Serrulla Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kideak filmaren gaia bera ere gakoa izan dela erantsi du, “euskal tradizioa eta unibertsaltasuna” uztartzen jakin baitute egileek.

Baina zer du “Handia”k aurreko filmek ez dutenik? Santi Leoneren aburuz, “prezio bat” ordaindu behar izan du azken 30 urteetan aretoetara ikusle gehien bildu dituen euskal filmak, arrakasta izateko: “Film on eta hunkigarria da, baina nago edukian sinplifikazioa egon dela, Loreak batenaren aldean. Aurreko bi filmak -80 egunean eta Loreak- konplexuagoak ziren”.

Gainera, Leonek erantsi duenez, “ikuspuntu ideologikoa ere aldatu da Handia-n. Lehengo bi filmetako protagonistak pertsona arruntak ziren, une jakin batean, arrazoi jakin batzuengatik, anormaltasunaren amildegiaren ertzean aurkitzen dutenak beren burua. Oraingoan, berriz, normala izan nahi duen pertsonaia ez ohikoa da protagonista, eta ikuspuntu hori errazago heltzen da ikuslearengana”.

Azkenik arrakasta kontzeptua bera ere izan da eztabaidagai, eta filmaren helburuen araberakoa, erlatiboa, dela adostu dute parte-hartzaileek. “Hainbat maila daude, eta ez dira gauza bera arrakasta komertziala eta lorpen estetikoa; Emak bakia Oskar Alegriaren filma oso arrakastatsua izan da bere neurrian, bere publikoarentzat lan preziatua baita”, esan du Leonek.

Nolanahi den, "Handia" ikusteko gogoz gelditu denak gaur bertan, hilak 8, izango du aukera, Irudienean bertan, 18:00etatik aurrera.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena