Euskal pilota | Azken albisteak eta emaitzak | EITB Pilota

Pilota

23:31

Pilota

ZESTA-PUNTA

Erkiaga eta Gorka dira Jai Alai Leagueko lehenengo txapeldunak, Laduche eta Basque bi setetan menderatuta

EITB MEDIA

Ispasterreko aurrelariak eta Biarritzeko atzelariak 15-13 eskuratu dute lehenengo seta, eta bigarrenean argi nagusitu dira, 15-5; hala, lehen aldiz jokatu den Jai Alai Leagueko txapelak jantzi dituzte.

1:49
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek osatutako bikoteak Jai Alai Leagueko historiako lehen finala irabazi dute astelehenean, Durangon, Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan, Ludovic Laduche eta Thibault Basque bi setetan mendean hartuta. Ispasterreko aurrelariak eta Biarritzeko atzelariak 15-13 eskuratu dute lehenengo seta, eta bigarrenean argi nagusitu dira, 15-5; hala, Erkiagak eta Gorkak lehen aldiz jokatu den Jai Alai Leagueko txapelak jantzi dituzte.

Finalak interes handia zuen, are gehiago duela astebete zer gertatu zen ikusita. Jai Alai Leagueko finalerdietan, Erkiagak eta Gorkak, hiru seteko partida bikaina jokatuta, Johan eta Minvielle utzi zituzten txapelak lortzeko lehiatik at, lehenengo finalaurrekoan; bigarrenean, ezustekoa izan zen: Laduche eta Basque Goikoetxea eta Lopez baino gehiago izan ziren, eta hori, ziur aski, ez zuten zale askok espero. Are gutxiago esperoko zuten lapurtarrek bi joko besterik ez zituztela behar izan garaipena erdiesteko. Ranking ofizialeko aurrelaririk eta atzelaririk onenak, Goikoetxea eta Lopez zumaiarrak, alegia, txapelketatik kanpo gelditu ziren, hortaz; finaleko lau protagonistak sasoi puntu egokian daude, denboraldiko garai honetan, eta zaila zen aurreikuspenak egitea, horri erreparatuta.

Asko zegoen jokoan Ezkurdin: Ligako titulua, Jai Alai Leagueko onenak ziren txapelak janztekoak, hain zuzen ere. Ligako lehenengo irabazleak zeintzuk ziren zehaztu da. Jai Alai Leaguen, pilotariek Winter Seriesen, Biarritzeko Urrezko Xisteran, Donibane Lohizuneko Nazioartekoetan eta Paueko Kopan egindakoa izan dute kontuan. Erkiaga, Gorka, Laduche eta Basque tentsio handia zutela kantxaratu dira, Ligako podiumeko gorenera igotzea helburu, eta ikusmina handia izan da Durangoko pilotalekuan. 

Lehenengo seta 15-13 irabazi dute gorriek

Testuinguru horretan, lehen jokoan gorriak 4-1 jarri dira aurretik, hasi eta berehala, Gorka atzealdean Basque baino finago ibili baita aurreneko tanto horietan, eta egia esan lehen set horretako tanto gehienetan izan dira irabazten. Esan bezala, hasieran Gorkak markatu du aldea, biziki ziur aritu baita; Basquek, ordea, ezin izan du asmatu pilota pare batean. Bidartarrak, baina, ez du amore eman, ezta Laduche aurrelariak ere, eta urdinek zenbait aukera izan dituzte aurrea hartzeko (4-4, 8-8, 10-10 eta 11-11 izan dira berdinduta).

Thibault Basque ia segituan hasi da hobera egiten, baina orduan Aritz Erkiagaren unea iritsi da. Ispastertarrak zenbait tanto ikusgarri eta erabakigarri egin ditu. 12-11koa, esaterako, horma-biko eder bat eginda jarri du; Ludovic Laduchek berak zoriondu du, erremate bikain horregatik. Gorriek urdinek baino gehiago asmatu dute azken tantoetan, eta horrela irabazi dute aurreneko jokoa (15-13); kantxan ikusitakoaren ostean, esan genezake merezita gailendu direla Erkiaga eta Gorka.

Erkiaga eta Gorka, oso nagusi bigarren jokoan

Oso bestelakoa izan da bigarren jokoan ikusitakoa; meritu handiko tantoak izan dira, bai eta jokaldi ederrak ere, baina finaleko lehenengo setean izandako berdintasuna erabat galdu da. Erkiagak eta Gorkak lehen hiru tantoak egin dituzte, Laduchek eta Basquek 1-3koa jarri dute, eta gorriak 6-1era iritsi dira; finala, orduan, gorrien alde ari zen nabarmen jartzen. Lapurtarrak, gehienez, 3-7koan gerturatu dira; txapeldunen nagusitasun nabarmena argia izan da, beraz.

Zaila da erabakitzea bi txapeldun horietako nor ibili den ondoen bigarren joko horretan, Erkiaga ala Gorka. Bizkaitarrak erremate oso onak egin ditu, eta zaleek gozatu ahal izan dute horietaz; lapurtarrak, aldiz, set bikaina jokatu du, ez du ia akatsik egin, konfiantzaz beterik agertu da. Laduchek eta Basquek ez dute inolako aukerarik izan. Azken emaitza, 15-5ekoa, esanguratsua da, eta ondo baino hobeto islatzen du kantxan zer jazo den.

Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek, horrenbestez, lehenengo Jai Alai Leagueko txapela dute, dagoeneko. Orain, 2023-24 denboraldia hasiko da. Asteazkenean bertan aurkeztuko dute Winter Series, eta, hortaz, neguko zestako txapelketa nagusiari ekingo diote pilotariek.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    22 22:00 - 23:15 PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena