Reala
Hiru puntu gehiago
B. L. G. | EITB MEDIA
Illarramendik eta Zubeldiak sartutako golek garaipena eman diote Realari, Galizian. Txuri-urdinek 7 partida irabazi dituzte jarraian.
Merino eta Zubeldia azkoitiarraren gola ospatzen. Argazkia: EFE
Partida gogor bati egin behar izan diote aurre txuri-urdinek Balaidosen. Hala ere, dinamika onari jarraipena eman eta Illarramendiren eta Zubeldiaren gol banarekin hiru puntuak lortu dituzte donostiarrek.
Celta-Rela partidako laburpena
Lehen zatia luze joan da. Lehen minutuan Hugo Mallok eta Aihen Muñozek hartutako kolpe baten ondorioz, hotz ekin dio norgehiagokak. Aukera gutxi izan dituzte bi taldeek.
Realaren golarekin hasi da jokoa erritmoa hartzen, Illarramendik, 30. minutuan area ertzetik ezkerrez egindako jaurtiketarekin gol bikaina egin du mutrikuarrak. Handik lau minutura, Sorlothek bigarrena egiteko aukera izan du baina atearen albo batera egin du jaurtiketa.
39. minutuan, berriz, Aspasek egin du berdinketaren gola. Zubimendik egindako akatsa baliatuz, galiziarrak baloia lapurtu eta bakarrik geratu da Remiroren aurrean. Ez du hutsik egin. Atsedenaldira berdinketarekin heldu dira.
Aldageletatik bueltan Realak izan du lehen aukera garbia, are gehiago, jokaldi horrek zabaldu dio atea Zubeldiaren golari. 53. minutuan Sorlothek hondoko marratik pasea egin dio Zubimendiri. Honek, area ertzetik Silvari pasatu eta kanariarrak Merinori. Nafarrak jaurtiketa gogorra egin du baina atezainak desbideratu, eta Javi Galanek kornerrera bidali du. Orduan heldu da Zubeldiaren gola. Braisek erdiratu eta azkoitiarrak bakar-bakarrik egin du errematea.
Partida berriro joan da zelai-erdira eta ez etxekoek ez eta kanpokoek ere, ez dute aukera garbirik sortu. Celtak baina, Carles Perez zelairatu du eta partidari bizitasuna eman dio Romak utzitako jokalariak. Bera izan da galiziarren jokalari arriskutsuena.
76. minutuan Perezek egindako jaurtiketa batek Remiro luzatzera behartu du. Cascantekoak ongi atera du baloia.
Hamar minuturen faltan, Realak beste aukera bat izan du. Urrunetik alboko marrari pegatutako falta bat errematatu dute baina kanpora joan da. Minutu batzuk beranduago, Sorlothek zelai-erdian baloia hartu eta bakarrik abiatu da aterantz, defentsa atzean utzi eta jaurtiketa gogorra egin du atera. Marchesinek ekidin du Realaren hirugarrena.
Azken minutuan, berriro Carles Perezek, bi aukera izan ditu, hala ere, ezerezean utzi ditu Realaren defentsak, garaipena zihurtatuz.
Hala, Imanolen taldeak bolada bikainari heldu dio eta zazpigarren garaipena lortu du jarraian. Horietako 4 ligakoak izan direlarik.
Fitxa teknikoa:
1 - RC Celta: Marchesín; Hugo Mallo (Mingueza, 64. minutuan), Aidoo, Unai Núñez, Javi Galán; Beltrán; Óscar Rodríguez, Gabri Veiga (Carles Pérez, 64. minutuan), Cervi (Paciencia, 79. minutuan); Aspas eta Larsen.
2 - Reala: Remiro; Gorosabel (Aritz, 68. minutua), Le Normand, Zubeldia, Aihen (Diego Rico, 27. minutuan); Zubimendi, Illarra (Mikel Merino, 46. minutuan), Brais Mendez, David Silva (Navarro, 74. minutuan); Kubo eta Sorloth.
Golak: 0-1, 30. minutuan: Illarra. 1-1, 38. minutuan: Iago Aspas. 1-2, 54. minutuan: Zubeldia.
Epailea: Cuadra Fernández. Paciencia kanporatu du (90. minutuan) txartel gorriarekin. Txartel horiak: Larsen (45. minutuan), Hugo Mallo (48. minutuan), Carles Perez (77. minutuan), Mingueza (80. minutuan) eta Unai (90. minutuan); Illarra (23. minutuan), Le Normand (44. minutuan), Zubimendi (45. minutuan), David Silva (67. minutuan), Zubeldia (68. minutuan), Barrene (88. minutuan) eta Navarro (90. minutuan).
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa