20:53

Futbola

Kopako finalerdia

Athleticek eta Osasunak Kopako finalerako txartela dute jokoan San Mamesen, gau erabakigarrian

EITB MEDIA

Nafarroako taldeak gol bateko abantaila du, Sadarren jokatutako joaneko partidaren ostean 1-0 irabazita. Athleticek azken lau urteotan hirugarren aldiz nahi du finala jokatu; Osasunak, ordea, 2005-06 denboralditik darama finalera bueltatu nahirik. ETB1ek zuzenean emango du norgehiagoka.

  • Dani Vivian eta Ante Budimir, joaneko partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Dani Vivian eta Ante Budimir, joaneko partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek eta Osasunak asteartean jokatuko dute, 21:00etan, San Mamesen, euren arteko Kopako finalerdiaren itzuliko partida. Norgehiagoka erabakigarria da, eta bertan zehaztuko da bi euskal talde horietako zeinek lortzen duen txartela finala jokatzeko. Nafarroako taldeak gol bateko abantaila du, martxoaren 1ean Sadarren jokatutako joaneko partidaren ostean 1-0 irabazita; hala, Abdek Iruñean sartutako gola berdintzea izango da zuri-gorrien lehen helburua azken lau urteotan hirugarren aldiz jokatzeko finala (2008-09 denboralditik, seigarrena litzateke); Osasunak, ordea, joaneko emaitza baliatu nahi du, Kopako finalera bueltatzeko. Gorritxoek 2005ean jokatu zuten azkenengoz final hori. ETB1ek eta Euskadi Irratiak zuzenean emango dute neurketa, eta eitb.eus-ek jarraipen berezia egingo dio.

Ikusmina oso handia da Bilbon eta Iruñean, eta aurreikuspena da San Mames erabat beteta egotea; izan ere, Athleticek iragarri du, astelehenean, agortu egin direla futbol zelaian egoteko sarrerak. Osasunak 575 sarrera jaso zituen Bilbotik, baina zaleen eskaria askoz ere handiagoa izan zen. Nafarroako taldearen zaleek gogor bultzatuko dute, harmailan eta partidaren atarikoan ere; Sadarren, joanekoan, giro ikusgarria izan zen, eta ematen du San Mamesen ere hori bera gertatuko dela, astearte gauean.

Kirol arloari dagokionez, Athletic eta Osasuna, finalerdiaren lehen partida amaitu zenetik, ez dira finegi ibili; hori bai, Ernesto Valverderen gizonek emaitza apur bat hobeak lortu dituzte, Jagoba Arrasateren jokalariek baino. Ordutik, Ligako lau partida izan dira; Athleticek Valladoliden irabazi zuen, eta berdindu zuen Vallecasen eta, etxeko talde gisa, Getaferen aurka. Bartzelona, ordea, Bilbon nagusitu zen. Hortaz, zuri-gorriek bost puntu batu dituzte, hiru gol sartuta eta bi jasota. Osasunak, aldiz, bi puntu erdietsi ditu, Athleticek baino hiru gutxiago, Celtaren eta Mallorcaren aurka berdinduta (azken hori, etxetik kanpo); Mestallan eta Sadarren Vila-realen kontra, Osasunak galdu egin zuen. Agian daturik esanguratsuena da gorritxoek ez dutela golik egin; hala, Abdek Athleticen aurka sartu zuena da, oraingoz, lortu duten azkena.

Zeintzuk izan litezke hamaikakoak?

Athleticen aldetik, ematen du aukera handia dagoela Mikel Vesga, Nico Williams eta Oihan Sancet hasierako hamaikakoan sartzeko, larunbatean Getaferen aurkakoan bigarren zatian zelairatu ostean. Iñigo Martinez ere izan liteke titular, atzealdean. Valverdek Dani Garcia eta Vesga bera jar litzake zelai erdian, eta aurrealdean ez dago argi nor ibiliko den, Gorka Guruzeta ala Raul Garcia.

Osasunak ere eman zien atsedenaldia, behintzat partidaren hasieran, titular aritzen diren hainbat jokalariri, Ligako azken partidan, Mallorcan, aurreko ostiralean. Hortaz, ziur aski, David Garcia, Jon Moncayola, Abde eta Moi Gomez hamaikakoan sartuko ditu Arrasatek, eta zelai erdian Lucas Torro eta Moi Gomez ibiliko dira. Aimar Oroz titular izan zen Mallorcan, baina ematen du San Mamesen ere jarraituko duela hasierako taldean; Oroz gaztea, gainerako taldekideekin batera, saiatuko da Ante Budimir aurrelariari baloi onak ematen. Aridane sasoi onean dabil, eta David Garciarekin batera jokatuko du atzealdean. Chimy Avila lesionatuta izan da azken asteotan, baina Nafarroako klubak emandako deialdian sartu egin da, azkenean.

Luzapenik ez bada (Abdek sartutakoak gol bateko abantaila ematen dio Osasunari, eta Osasunak Bilbon sartutako golek ez dute bikoitza balio), astearteko 23:00ak aldera jakingo dugu Athleticeko ala Osasunako zaleak hasiko diren finalerako bidaia prestatzen. Sevilla dute zain, La Cartuja futbol zelaia hain zuzen, maiatzaren 6an, eta Bartzelona ala Madril izango dute aurkari.

Athletic-Osasuna Kopako partidaren balizko hamaikakoak (asteartean jokatuko dute, hilak 4, 21:00etan, San Mamesen)

Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Vesga; Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams; Raul Garcia.

Osasuna: Sergio Herrera; Moncayola, Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Torro; Kike Barja, Aimar, Moi Gomez, Abde; Budimir.

Epailea: Carlos del Cerro Grande (Madrileko Batzordea); VAR epailea: David Medie Jimenez (Kataluniako Batzordea).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 11:25 - 12:00 ''HELMUGA'' saioa
    22 12:15 - 14:00 ATLETISMOA | Amurrioko Krosa
    22 16:00 - 17:00 AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak
    22 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena