23:01

Futbola

19. JARDUNALDIA

Sanceten hiru golek garaipena eman diote Athletici Osasunaren aurkako derbian (1-3)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gorritxoek hartu dute aurrea markagailuan Kike Garciaren eskutik, baina zuri-gorriek buelta eman diote lehiari Iruñeko erdilariaren bitartez.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek merezitako garaipena lortu du astelehen honetan Sadarren (1-3), Oihan Sancet erdilari nafarrak egindako hiru golei esker.

Gorritxoak bederatzi jardunaldi zeramatzaten partidarik irabazi ezinda, eta, ondorioz, bizi-bizi atera dira zelaira, neurketa euren alde bideratuko zuen gol goiztiar baten bila, eta baita lortu ere. Hala, norgehiagokaren 9. minutuan, Kike Garciak Yeray Alvarezek baino jauzi handiagoa egin du, eta gaueko lehen gola erdietsi du buruz, Moncayolak erdiratutako baloi eder bat sareetara bidalita. Etxekoak joko alai eta ikusgarriarekin hasi dira; hala ere, zuri-gorriek berehala orekatu dute lehia.

Gaurkoan Ruben Uriak, Athleticeko bigarren entrenatzaileak, zuzendu duen taldeak kontraeraso azkar bat antolatu du, Sancetek burukada bikain batekin bukatu duena, Iñaki Williamsen erdiraketa baliatuta. Markagailua parekatu du horrela (1-1).

Handik gutxira, Athleticeko 8 zenbakiak mutu utzi ditu berriro etxeko zaleak, De Marcosek bigarren zutoinean jarritako erdiraketa probestu baitu bere taldea markagailuan agintzen jartzeko. 21 urteko jokalariak era guztietako baloiak errematatzeko gaitasuna erakutsi du, eta atzelari gorritxoak hura ezin geldituta aritu dira gau osoan zehar.

Baloiaren jabetzak Athleticena izaten jarraitu du atsedenaldiaren ostean ere. Zuri-gorriak nagusi izan dira bigarren zatiko lehen ordu laurdenean, eta Osasunaren arearen inguruan ibili dira derbia erabakita utziko zuen golaren bila. Azkenean, 68. minutuan heldu da hirugarrena, Bilbokoen beste jokaldi arin baten ostean. Sancetek gaueko bere hirugarren gola lortu du, Berenguerren pasea Sergio Herreraren ate barrura bidalita.

Osasuna ezinean zebilen, eta Athleticek gertu izan du laugarrena ere. Izan ere, Iñaki Williamsek sareetan jarri du baloia beste kontraeraso baten ostean, baina gola ez da markagailura igo, epaileak jokoz kanpokoa adierazi baitu, oso gutxigatik izan bada ere.

Neurketa berotu egin da azken minutuetan, eta Ortiz Arias epaileak Chimy Avila aurrelari gorritxoa kanporatu du, minutu gutxiren bueltan bi txartel hori aterata. Dena den, hori baino lehenago, argentinarra emaitza estutzetik gertu egon da, baina haren jaurtiketa bortitza hatz puntekin desbideratu du Simonek, eta langa jo du.

Azkenean, Bittor Alkizaren aginduetara aritu den taldeak (Osasuna) ezin izan du bere bolada txarra eten, eta zuri-gorriek, berriz, garaipena bereganatu dute taldeak jokatu duen 4000. partida ofizialean.

Fitxa teknikoa

1 – Osasuna: S. Herrera; Nacho Vidal (Roberto Torres, 64. min), Unai García (Javi Martínez, 74. min), David García, Juan Cruz, Cote (Manu Sánchez, 82. min); Moncayola, Lucas Torró, Rubén García (Chimy Ávila, 74. min); Kike García, Budimir (Barja, 64. min).

3 – Athletic: Unai Simón; De Marcos, Yeray, Íñigo Martínez, Balenziaga (Petxarroman, 90. min); Berenguer (Nico Williams, 75. min), Dani García (Vesga, 75. min), Vencedor, Muniain (Nolaskoain, 90. min), Sancet (Nico Serrano, 84. min), Williams.

Golak: 1-0: Kike García  (10. min). 1-1: Sancet (16. min). 1-2: Sancet (25. min). 1-3: Sancet (68. min).

Epailea: Ortiz Arias. Txartel horiak: Lucas Torró, Cote eta Sergio Herrera (Osasuna); Yeray eta Iñigo Martínez (Athletic). Chimy Ávila kaleratu du 94. minutuan, bigarren txartel horia erakutsi ostean.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena