Futbola
Primera Iberdrola
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi aldeek hilabeteko epea izango dute, abenduaren 20ra arte, hitzarmen kolektiboa sinatzeko. Hitzarmen horrek, % 75eko gutxieneko partzialtasuna eta 16.000 euroko gutxieneko soldata jaso beharko du.
Albisteak (7)
AFE, UGT eta Futbolistas On sindikatuek eta Primera Iberdrolako klubek euren jarrerak hurbildu dituzte astelehen honetan, eta abenduaren 20a finkatu dute emakumeen futbolaren lehen hitzarmen kolektiboa sinatzeko balizko data gisa. Horren ondorioz, desblokeatu egin da jokalariek asteburuan hasitako greba.
Izan ere, Emakumezkoen Futbol Kluben Elkarteak (ACFF) ez zuen onartu joan zen asteartean Lan Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako bitartekaritza proposamena. Horren aurrean, jokalariek igaro berri den astebururako deituta zuten greba deialdiarekin jarraitzea erabaki zuten.
Astelehen honetan, aldiz, ACFFk jarrera aldatu eta proposamen horri heltzea erabaki du. Hala, Ruben Alcaine patronaleko presidentearen esanetan, "hitz egiten jarraitzea" eta aipatutako proposamenaren inguruan "akordioak lortzen saiatzea" adostu dute sindikatuekin.
Aipatu proposamen horrek urtean 16.000 euroko gutxieneko soldata gordina bermatzen du lanaldi osorako. Horrez gain, lanaldi partziala gehienezko lanaldiaren % 75 baino txikiagoa ez izatea ere ziurtatzen du (partzialtasun horrekin gutxieneko soldata 12.000 eurora jaitsiko litzateke). Azken puntu hori izan da negoziazioko oztopo nagusienetakoa, hain justu.
Bestalde, David Aganzo AFEko presidenteak bileraren amaieran adierazi duenez, adostutakoa "nesken garaipen bat da". Aganzoren aburuz, azaroaren 16ko eta 17ko grebak emaitza "positiboa" izan du hitzarmena sinatzeko bidean.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa