Athletic club
Omenaldia
AGENTZIAK | EITB MEDIA
37 urteko jokalari nafarrak futbola utziko du denboraldi amaieran, Athleticen 356 eta Osasunan 126 jokatu ostean.
Raul Garcia, Athleticeko jokalaria. EFE
Raul Garcia Athleticeko jokalaria omenduko dute larunbat honetan San Mamesen, Osasunaren kontrako neurketa (21:00etan) baino lehen. Denboraldi amaieran futbola utziko zuela iragarri zuen futbolari nafarrak orain dela zenbait aste. Talde gorritxoan abiatu zuen ibilbidea profesional gisa.
Athleticek astelehen honetan eman du erabakiaren berri: "futbola uztea erabaki duenez, 37 urteko futbolari karismatikoa omenduko dugu 'Katedralean', jokalari gisa hezi zen taldearen aurrean".
Klubak azaldu duenez, "norgehiagokak balio sinboliko bikoitza du Raulentzat, bere ibilbide ikusgarrian arrastoa utzi duten bi taldeekin izango baita". Guztira, 482 partida jokatu ditu: 356 Athleticen eta 126 Osasunan. Horrez gain, Atletico Madrilen 329 neurketa jokatu zituen.
Omenaldi horri esker, 'Katedralak' Athleticen kamiseta ia hamar urtez duintasunez defendatu duen lehoia handikiro agurtuko duela berretsi du talde zuri-gorriak. 83 gol sartzez gain, Superkopa eta Errege Kopa irabazi ditu Garciak Athleticekin.
Datorren astelehenean, maiatzaren 13an, Iker Muniainen txanda izango da, hari ere omenaldia antolatu baitiote. Denboraldi honen bukaeran Athletic uzteko asmoa iragarri zuen nafarrak apirilaren 24an.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa