23:16

Athletic club

EA Sports Liga

Athleticek 4-0 menderatu du Mallorca, eta Ligan berriro irabaztea lortu du horrela

EITB MEDIA

Yuri Berchichek, lehen zatian bi gol eginez, eta Gorka Guruzetak eta Iker Muniainek, bigarren zatian bana eginda, eman diote garaipena Bilboko taldeari. Nico eta Iñaki Williams bigarren zatian kendu behar izan ditu Ernesto Valverdek, eta baliteke arazo fisikoren bat izatea.

  • Athleticeko hainbat jokalari, gaueko goletako baten ostean. Argazkia: EFE.

    Athleticeko hainbat jokalari, gaueko goletako baten ostean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Athleticek 4-0 menderatu du Mallorca, ostiral gauean, San Mamesen, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako hogeita hirugarren jardunaldian. Yuri Berchichek sartu ditu talde zuri-gorriaren aurreneko bi golak, lehenengo zatian, eta Gorka Guruzetak eta Iker Muniainek itxi dute emaitza, bigarren zatian, beste bi gol eginda. Ondorioz, Athleticek 45 puntu ditu, sailkapeneko bosgarren postua sendotu du, eta Ligan berriro irabaztea lortu du; izan ere, aurreko bi partidetan puntu bakarra eskuratu du Bilboko taldeak. Neurketan, Nico eta Iñaki Williams bigarren zatian kendu behar izan ditu Ernesto Valverdek, eta baliteke arazo fisikoren bat izatea.

Athletic-Mallorca partidako laburpena (4-0)

Estrategiak zehaztu du, lehen zatian, Athleticen eta Mallorcaren arteko aldea; hain zuzen ere, Yuri Berchichek estrategiako jokaldietan erakutsitako trebetasuna izan da giltzarria. Talde zuri-gorriaren atzelariak falta bat eta korner bat baliatu ditu, 3. eta 17. minutuetan, Ernesto Valverderen taldea aurretik jartzeko, eta, gainera, bi erremate ikusgarri eta zail eginez lortu du.

1-0ekoan, Yurik atzeraka errematatu du, ezkerrez, Nico Williamsek ateratako falta bat. Rajkovic Mallorcako atezainak ezin izan du gola saihestu, errematea zutoinaren ondotik sartu baita sareetara.

Markagailuan 2-0ekoa jarri duen jokaldiak merezi du behin eta berriz ikustea. Korner batean, Nico Williamsek penalti puntura erdiratu du, Guruzetak atzera bota du lehen zutoinean, eta Yurik, berriro, eskuinez, angeluan jarri du jaurtiketa. Baloiak ez du berdegunea jo atean sartu aurretik.

Rajkovicek geldiketa bikaina egin dio Guruzetari 32. minutuan, donostiarraren burukada ikusgarri batean, baina bigarren zatiko 18. minutuan egin du gola Athleticeko aurrelariak; zuri-gorriak gol horren bila zelairatu dira atsedenaldiaren ostean, eta Guruzetak Oihan Sanceten pase bat jaso du bigarren zutoinean, 3-0ekoa egiteko.

Emaitza bikaina izanda ere, kezka San Mamesera iritsi da; izan ere, Nico eta Iñaki Williams anaiek zelaia utzi behar izan dute, arazo fisikoren bat zutelako, antza. Arretaz jarraituko dute Athleticeko zaleek, hortaz, ondorengo egunetan sor litezkeen albisteak, kontuan izanik talde zuri-gorriak, asteazkenean, Wanda Metropolitano futbol zelaian, partida oso garrantzitsua duela, Atletico Madril aurkari, Errege Kopako finalerdietako joanekoan.

Partidako azken minutuetan, Iker Muniainek denboraldi honetako bere aurreneko gola sartu du Ligan. Kapitainak Oscar de Marcosen erdiraketa ona jaso du area barruan, eta, kalitate handiz, baloia Rajkovicen ezkerretara bota du, Mallorcako atezaina eskuinetara zihoala ikusita. Ilusio handiz hartu dute San Mamesen nafarraren gola, eta, era berean, txalo artean agurtu dituzte zaleek Athleticeko jokalari guztiak, norgehiagoka bukatutakoan.

Fitxa teknikoa

4 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Yeray, Paredes, Yuri; Prados, Galarreta (Herrera, 67. min); Iñaki Williams (Adu Ares, 82. min), Sancet (Jauregizar, 79. min), Nico Williams (Muniain, 67. min) eta Guruzeta (Raul Garcia, 79. min).

0 - Mallorca: Rajkovic; Gio Gonzalez (Nacho Vidal, 57. min), Raillo, Valjent, Copete (Muriqi, 46. min), Jaume Costa; Antonio Sanchez (Sergi Darder, 57. min), Mascarell, Morlanes, Dani Rodriguez (Javi Llabres, 76. min); eta Larin (Abdon Prats, 76. min).

Golak: 1-0, 3. min: Yuri. 2-0, 17. min: Yuri. 3-0, 63. min: Guruzeta. 4-0, 89. min: Muniain.

Epailea: Jorge Figueroa Vazquez (Andaluziako Batzordea). Txartel horia atera dio Larini.

Gertakizunak: EA Sports Ligako 23. jardunaldiko partida. 47.061 zale izan dira San Mamesen.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    03 19:00 - 21:00 PILOTA | GRABNI Txapelketa

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena