Athletic club
EA SPORTS LIGA
I. G. | EITB Media
Talde bizkaitarrak aurre egin dio kataluniarrari, eta partida ona jokatu du, baina Marc Guiu debutariaren golak porrotera zigortu du Athletic.
Paredes baloi bat errematatzen. Argazkia: EFE
Athleticek 1-0 galdu du Bartzelonaren aurka igande honetan Montjuiceko Estadio Olinpikoan jokatu duen EA Sports Ligako 10. jardunaldiko partida. Talde bizkaitarrak aurre egin dio kataluniarrari, eta partida ona jokatu du, baina Marc Guiu debutariaren golak porrotera zigortu du Athletic.
Partida erritmo lasaian hasi da, bi taldeak haztamuka. Izan ere, jaurtiketa bat egiten lehena Iñaki Williams izan da, bosgarren minutuan, area kanpotik, baina saiakera horrek ez dio arriskurik ekarri Ter Stegeni.
Barçak erantzun ona eman dio, hegaletik egindako jokaldi batean. Ferranek atzera pasea egin dio Joao Felixi, eta langak bakarrik eragotzi du etxekoen gola. Handik gutxira, beste jokaldi azkar bat Ferminen jaurtiketarekin amaitu da, baina Unai Simonek hanka atera du gola saihesteko.
Athletic presioa egiten hasi da, eta orduan iritsi dira euskaldunak aurkariaren areara, batez ere Williamsen abiadura aprobetxatuz. Aldaratzez beteriko jokaldi batean, Iñakik jaurtiketa indartsua egin du ate aurrean, baina Kataluniako taldeko atezainak ukabilak ondo atera ditu baloia kornerrera desbideratzeko.
26. minutuan, Yuri Berchichek zelaia utzi behar izan du, minez. Hegalekoa jokatzen jarraitzen saiatu da hasieran, baina ezinezkoa izan zaio. Lekuek ordezkatu du.
Hurrengo minutuak oso parekatuak izan diram eta bi taldeetako batek ere ez du arriskurik sortu. Williams anaiek jokaldi konbinatu ona egin dute lehen zatiko azken minutuetan, bi jaurtiketa jarraian eginda bukatu dena, baina jokaldia baliorik gabe geratu da jokoz kanpokoagatik. Nicori beste jaurtiketa bat egiteko denbora eman dio, baina atezaina aurrean jarri da berriz ere.
Aldageletatik bueltan, Bartzelonak gehiago izan du baloia, eta Simonen atea zelatatzen hasi da; Athleticek, berriz, arrisku handiagoa sortu du aireko jokoarekin, kornerretan. Gainera, atezainek gogor lan egin dute markagailua ez mugitzeko: geldiketa garrantzitsuak egin dituzte Simonek eta Ter Stegenek.
79. minutuan, Marc Guiu zelaira sartu da, Barçarekin debuta egiteko, eta, euskaldunen zoritxarrerako, berak sartu du garaipenaren gola. 17 urteko gazteak baloi luze bat jaso du, eta, atezainaren aurrean bakarrik, gola sartu du. Unai Simonek baloia ukitu du, baina ezin izan du sarean bukatzea eragotzi (1-0).
Athleticek saiatzen eta berdinketaren gola bilatzen jarraitu du amaierara arte, baina gertuagoa egon da etxekon bigarren gola kanpokoen lehena baino. Azkenean, lehoiek ezin izan dute markagailua berdindu, eta porrota jaso dute.
Herrera lesionatu egin da, beroketan
Ander Herrerak min hartu du partida aurreko beroketan, eta baja izan da hamaikakoan, hasieratik jokatzekoa zen arren. Iñigo Ruiz de Galarretak ordezkatu du.
Fitxa teknikoa
1 - Bartzelona: Ter Stegen; Joao Cancelo, Christensen (Araujo, 60. min), Iñigo Martinez, Balde (Marcos Alonso, 79. min); Oriol Romeu (Lamine Yamal, 60. min), Gündogan, Gavi; Ferran Torres, Joao Felix eta Fermín Lopez (Marc Guiu, 79. min).
0 - Athletic Club: Unai Simón; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri Berchiche (Lekue, 26. min); Ruiz de Galarreta (Prados, 67. min), Dani Garcia (Unai Gomez, 77. min); Iñaki Williams, Oihan Sancet, Nico Williams (Alex Berenguer, 77. min); eta Guruzeta (Adu Ares, 67. min).
Gola: 1-0: Marc Guiu, 80. min.
Epailea: Martinez Munuera. Txartel horia atera die Gavi, Dani Garcia, Oriol Romeu eta De Marcos jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa