Udal eta foru hauteskundeak 2023, Euskadin eta Nafarroan | EITB Hauteskundeak albisteak
Udalen osaketa
EH Bildu
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduko koordinatzaile nagusiarentzat, jeltzaleek koalizio abertzalearenganako 'beldurra' piztu dute kanpainan, eta bere emaitza 'kuantitatiboak' alkatetzetan islarik ez izatea deitoratu du.
Albisteak (12)
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan duenez, EAJren gorakada hauteskundeetan ez dator "abertzaletasunetik", baizik eta PPtik eta PSE-EEtik heldutako "beldurraren" botoetatik, jeltzaleak "kontuz, EH Bildu dator" esanez aritu direlako kanpaina osoan.
Donostian egin du hausnarketa Otegik, EH Bilduko alderdi guztietako ordezkariek M26ko hauteskundeetako emaitzen azterketa egin ostean. Otegirentzat "historikoak" dira EH Bilduk Hego Euskal Herrian lortutako 346.000 botoak.
Hitzaldian, Otegik EH Bilduren emaitza "kuantitatiboak" baloratu ditu udal, foru eta Europako hauteskundeetan. Esan duenez, Hego Euskal Herriko "lehen udal indarra" da, baina horrek ez du "isla" izan eremu kualitatiboan, ez baitiote EAJri Gipuzkoan irabazi ezta Gasteizko alkatetza lotu, beste helburuen artean.
Bere ustez, hori EAJk "etengabe" EH Bilduren aurka hitz egin duelako gertatu da. Esan duenez, "seguru asko horrek abertzaleak ez diren PPren eta PSEren boto asko irabaztera eraman du EAJ".
"Hori da EAJren hauteskunde hazkundearen arrazoietako bat, ez bada garrantzitsuena", esan du Otegik. "Herrialdeko botorik kontserbadoreena" eskuratu duela azpimarratu du, eta jeltzaleei gogorarazi die "alde horretatik haztea eta gero proiektu abertzale bat duela esatea" ez direla "bateragarriak".
EH Bilduren buruzagiarentzat, emaitza horien ostean, "EAJn PSErekin itun estruktural bat egiteko tesia gailenduko da", eta horrek Gipuzkoan EH Bilduk alkatetza batzuk galtzea ekarriko luke. Ironikoki esan duenez, hori da "EAJren apustu soberanista".
Hala ere, zuhurra izan nahi du eta ez da "hori gertatuko dela esatera ausartzen", hura jeltzaleek "azaldu beharko luketen" erabaki bat izango litzatekeelako, "hori ez baita Gipuzkoako gizartearen gehiengoak nahi duen ituna" inkestetan galdetzen diotenean. Esan duenez, EAJ eta EH Bilduren arteko akordio bat nahiago dute gipuzkoarrek.
Gasteizko Udalari dagokionez, Otegik esan du "ustekabea" PSE-EEren emaitzak izan direla. Miren Larrion EH Bilduko hautagaiak ez dio EAJri irabazi, baina esan duenez, "inork ez zuen uste" PSE hauteskunde "orokorretako botoak" udal hauteskundeetara "eramateko" gai izango zenik, Bilbon ere "gertatu den" moduan, "baina ez Donostian".
Nafarroan emaitzek ez dute aldaketaren Gobernua sostengatzen, eta horri buruz esan du ez dela EH Bilduren emaitzen ondorioa, baizik eta "Estatuko ezkerra hustu" izanaren ondorioa. Horrek jarri du aldaketa "kolokan".
Bakartxo Ruiz Nafarroako hautagaia "aldaketaren indarren" artean "egoeraren analisi bat egitearen" alde agertu da, "azken lau urteetan" langai izan duten "bide-orrian jarraitzeko zer aukerak dauden" ikusteko.
Azkenik, Otegi pozik agertu da ezker abertzaleak "inoiz" lortu dituen emaitza "ikusgarriengatik". Esan duenez, "zoriontzeko" modukoak dira, bere koalizioak etorkizunean hazten jarraituko duela uste duelako.
Soberaniaren bidean "aurrera egiten" jarraitzeko borondatea errepikatu du, hezkuntzan, osasunean, berdintasunean eta gizarte-laguntzan beste eredu berri bat eta "beste politika publikoak egiteko erreminta gisa" erabiltzeko.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa