Udal eta foru hauteskundeak 2023, Euskadin eta Nafarroan | EITB Hauteskundeak albisteak
Udalen osaketa
Kanpaina
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Balizko itunez aritu dira Nafarroan. Maria Chivitek azpimarratu du ez duela EH Bildurekin akordiorik egingo, eta Geroa Bairi "abertzaletasunari" uko egin diezaiola eskatu dio, gobernua osatzeko.
Maria Chivite PSNren ekitaldi batean. Argazkia: PSN
Javier Esparza presidentegaiak Geroa Bairi eta EH Bildurik kritika eginez eskatu du Navarra Suma koalizioarentzako botoa. "Datorren igandean guretzako ez diren boto guztiek Uxue Barkos eta Joseba Asironen proiektu abertzalea indartzea ekarriko dute", ziurtatu du.
Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako ekitaldian, Esparzak azpimarratu du Navarra Sumaren egitasmoak “aukera berdintasuna, oparotasuna, enplegua, akordioak, baloreak, errespetua, baloreak eta ilusioa” bermatzen dituela.
"Guk erabakiak Nafarroan hartzen ditugu; gure bandera Nafarroakoa da; guk ez dugu beste batzuek bezala ikurrina desiratzen, guk gurea maite dugu", erantsi du.
Itziar Gomez Geroa Bairen Iruñeko alkategaiak gazteentzako alokairuzko etxebizitzak sustatzea proposatu du. Halaber, Foru Gobernuarekin batera auzoak eraberritzea helburu izango duen erakunde publiko bat eratzearen alde agertu da.
Iruñean egindako ekitaldian, azken urteotan alokairuzko etxeen eskariak gora egin duela esan du, eta ez soilik gazteen artean, baita adinekoen edo guraso bakarreko familien artean ere. Alabaina, “aurreko foru eta udal gobernuak ez dira gai izan eskaera horri behar bezalako erantzuna emateko”, kritikatu du.
Horrez gain, alokairuaren prezioak garestitu egin direla adierazi du eta egoera horri aurre egiteko botere publikoek etxebizitza eskuragarriak bultzatu behar dituztela erantsi du.
Bakartxo Ruiz EH Bilduren presidentegaiak koalizio soberanistaren jarraitzaile gazteak eta Joseba Asiron Iruñeko alkategaia ondoan zituela egin du ekitaldia. Gazteeria “errebeldearen” botoa eskatu du, eta EH Bilduk bizitza duinak ahalbidetuko dituen bizitza proiektu ezberdinak eskaintzen dituela esan du.
“Nafarroa duinagoa eta demokratikoagoa eraikitzen ari gara, eta Nafarroa horretan gazteei zuzendutako proposamenak ditugu, beren bizitzak duintasunez eta autonomiaz gauzatu ahal izan ditzaten”, azaldu du.
Proposamen horretan gazteen ohiko arazoei aurre egiteko neurriak biltzen dituztela erantsi du: etxebizitza, berdintasuna edota enpleguari lotutako neurriak, hain zuzen ere.
Joan Bosch Podemoseko hautagaiak zergak izan ditu hizpide. Nafarroak sozietateen gaineko zerga berria behar duela esan du, XXI. mendera egokituta egongo dena.
“Arazoa ez da zerga bera; zerga zeren arabera aplikatzen den da arazoa; izan ere, onurak beste lurralde batzuentzat izaten dira eta horri aurre egin behar zaio”, ohartarazi du. Ildo horretan, enpresa handiak eta multinazionalak aipatu ditu, “zergak nahi duten tokian ordaintzen dituztelako eta deslokalizazioak eginda langileak kaltetzen dituztelako”.
Maria Chivite PSNko presidentegaia balizko itunez aritu da. Chivitek azpimarratu du ez duela EH Bildurekin inolako gobernu itunik egingo, eta Geroa Bairekin batera gobernu progresista bat eratzeko prest egongo litzatekeela adierazi du, Uxue Barkosek “planteamendu abertzaleei” uko egiten badie.
“Nortasunari eta abertzaletasunari lotutako jokabideak baztertu eta enplegua, osasuna eta hezkuntza bezalako gaiei heldu behar die (Geroa Baik); horiek baitira herritarrek kezka nagusiak”, adierazi du.
“Espainian PSOE diseinatzen ari den gobernu bera nahi dugu Nafarroan: Gobernu progresista bat”, azpimarratu du. Horrela, bada, Podemosi eta Ezkerrari Geroa Bai eta EH Bildurekin duten ituna hausteko eta sozialistekin batzeko gonbita luzatu die Chivitek.
Maria de Simon Ezkerrako presidentegaiak esan du ez direla Nafarroako Alderdi Sozialistak fio. Hala ere, aukera bat emango diotela adierazi du, “ezker eraldatzailearekin hitz egin nah badu”.
Gainera, 2015ean lauko gobernuarekin bat egiteari uko egin ziola gogoratu dio De Simonek Chiviteri. “Negoziatu nahi badu, eseriko gara, baina utz diezaiola mezu nahasiak bidaltzeari”, erantsi du.
Hori bai, eskuinarekin “inoiz” ez dutela gobernatuko eta Ezkerraren helburua hauteskundeen ostean “ezkerreko indar eraldatzaile guztiekin, abertzaleekin barne,” itun programatikoak egitea dela azpimarratu du, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemosi aipu eginez.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa