EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

21:29

EAE-ko Hauteskundeak 2020

i25 emaitzak

EAJk aise irabazi ditu EAEko hauteskundeak, 29 eserleku lortuta

G. Palacios | EITB.EUS

EH Bilduk bigarren tokiari eutsi dio, 17 eserleku eskuratuta. Elkarrekin Podemosek 11 legebiltzarkide izango ditu. PSE-EEk porrota jaso du, 7 eserleku galduta. PPk 9 parlamentari izango ditu.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euzko Alderdi Jeltzaleak garaipen argia lortu du Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan, 29 eserleku jasota eta aurreko hauteskundeetako emaitzak hobetuta, 27 ordezkari izan baitzituen duela lau urteko hauteskundeetan.

Euskal Herria Bildu da EAEko bigarren indarra, 17 legebiltzarkide eskuratuta. Koalizio abertzaleak lau eserleku galdu ditu, 2012ko hauteskunde autonomikoetako emaitzekin alderatuta, baina Elkarrekin Podemosekin zuen lehian irabazle atera da.

Koalizio moreak 11 eserleku izango ditu Eusko Legebiltzarrean, baina uste baino emaitza okerragoak izan ditu, ekainaren 26ko hauteskunde orokorrekin alderatuz gero. Orduan lortutako botoen erdiak galdu ditu orain.

PSE-EE izan da gaueko galtzaile nagusia, bere historiako daturik txarrenak lortu baititu: bederatzi legebiltzarkide izango ditu, aurreko legealdian baino zazpi gutxiago.

PPk gainbeherari nolabait eutsi diola esan daiteke, bederatzi parlamentari izango baititu berriro, baina ia 23.000 boto galdu ditu, duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta.

Bestalde, Ciudadanosek ez du bere helburua lortu, ez baitu ordezkaririk izango Gasteizko Ganberan.

Lurraldez lurralde ere, EAJ izan da nagusi. Zortzi eserleku lortu ditu Araban, hamabi Bizkaian eta bederatzi Gipuzkoan.

Araban, Alderdi Popularra izan da bigarren indarra, bost eserlekurekin; Bizkaian, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek launa berdindu dute; eta Gipuzkoan, koalizio soberanistarentzat izan da bigarren tokia, zortzi eserlekurekin.

Aipatzekoa da Bizkaian azken unera arte izan dutela jokoan eserleku bat EAJk eta EH Bilduk. Azkenean, jeltzaleek eskuratu dute, 80 botoren aldeagatik.

EAEko hauteskundeetan, parte-hartzea % 62,26koa izan da.

 

ITUN AUKERAK EUSKARAZ

Balizko itunak

Aurreikusita zegoen moduan, legegintzaldi honetan indar politiko ezberdinen arteko itunak beharko dira. Lehendakari izateko, Eusko Legebiltzarreko botoen gehiengo osoa behar du hautagaiak (75 legebiltzarkideen aldeko 38 boto).

Horrenbestez, EAJk garaipen nabarmena lortu du, baina ez du gehiengo osorik, eta akordioak bilatu beharko ditu Iñigo Urkullu lehendakari izendatzeko.

EAJk eta PSE-EEk euren eserlekuak (29 eta 9) batzea nahikoa izango litzateke gehiengo osoa osatu eta Urkullu lehendakari izateko. Jeltzaleek eta sozialistek koalizioan goberna lezakete edo aurreko legegintzaldian egin zuten akordioa berretsi.

Gainera, saiakera horretan Alderdi Popularraren laguntza lortuko balute, guztira 47 ordezkarik babestuko lukete gobernu berria.

Halaber, EH Bilduk eta EAJk bat egitea erabakiko balute ere, gehiengo osoa lortuko lukete, 46 ordezkarirekin.

Halere, oso zaila litzateke EAJ gobernutik kanpo geratzea. Izan ere, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek 28 ordezkari batuko lituzkete elkarrekin. Horrela, bada, alderdi horientzat ezinezkoa izango litzateke gehiengo osoa lortzea.

Bestalde, sozialistek nekez emango liekete babesa bi alderdi horiei, eta, edozein modutan ere, ez litzateke nahikoa izango. Hiru alderdiek 37 eserleku batuko lituzkete, eta gehiengo osoa izateko ordezkari bat faltako litzaieke.

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena