Teknologia -
Bideojokoak
419 milioi euroko isuna Epic Gamesi, Fortnite jokoaren sortzaileari, adingabeen pribatutasuna urratzeagatik
Erabiltzaileak erosketak egitera bultzatzeagatik ere zigortu dute. Epic Gamesek, gainera, ez zien adingabeen gurasoei baimenik eskatu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bideojokoak sortzen dituen Epic Games konpainiak akordioa erdietsi du AEBrekin 491 milioi euroko isuna ordaintzeko, adingabeen pribatutasuna babesten duen legea urratzeagatik eta erabiltzaileak, hainbat trikimailu erabilita, erosketak egitera bultzatzeagatik.
AEBko Justizia Departamentuak emandako informazioaren arabera, 260 milioi euroko isuna jaso du, hain zuzen ere, legeria ez betetzeagatik.
Zehazki, Justiziak deliberatu du Epic Gamesek umeentzako merkaturatu zuela Fortnite bideojoko ezaguna, eta, ezagueraz, adingabeen informazioa jaso zuela (izenak, helbide elektronikoak, erosketei buruzko datuak...). Epic Gamesek, baina, ez zien adingabeen gurasoei horretarako baimenik eskatu, nahiz eta legeak horretara behartzen duen.
Gauzak horrela, Epic Gamesek galarazita izango du legez kontra jasotako informazio hori erabiltzea. Halaber, zenbait datu ezabatu beharko ditu eta, erabiltzaileak besterik adierazi ezean, ahots zein testu bidezko komunikazioak desaktibatuta daudela ziurtatu beharko du.
Antzeko kontu batengatik, Merkataritza Batzorde Federalak erabiltzaileei 232 milioi euro itzultzera behartu du Epic Games. Izan ere, diru hori zilegi ez ziren bideetatik jaso zuen konpainiak, hainbat trikimailu erabilita, erosketak egitera bultzatu baitzituen erabiltzaileak.