Teknologia -
Sare sozialak
WhatsAppeko egoeran GIFak eta bideoak jar daitezke jada
Eguneraketa berriak argazkiak, bideoak edota GIFak jartzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Aplikazioak zortzi urte beteko ditu otsailaren 24an.
Agentziak | Erredakzioa
WhatsApp berehalako mezularitza zerbitzu ezagunak berrikuntza garrantzitsu bat iragarri du astelehen honetan. Aplikazioaren sortzaileek azaldu dutenez, lagunei zein senideei egunean egindakoaren berri beste modu baten bidez eman ahal izateko, aldaketak egingo dituzte WhatsAppeko egoeran. Horrela, hurrengo eguneraketarekin batera, argazkiak, bideoak edota GIFak erabiltzeko aukera etorriko da.
“Gaur egun WhatsApp bezala ezagutzen dugun aplikazioaren lehen lerroak duela zortzi urte idatzi genituen. Inguruko pertsonek unean bertan zer egiten zuten jakitea zen proiektu honen helburu nagusia. Hori guztia, berehalako mezularitza sortu aurretik izan zen”, azaldu dute aplikazioaren sortzaileek ohar baten bidez.
WhatsAppek zortzi urte betetzen dituen urtean (otsailaren 24an beteko ditu), horren bozeramaileek pozez hartu dute hurrengo berrikuntza.
“Gertuko pertsonekin argazkiak eta bideoak modu erraz eta seguru batean partekatzeko aukera ematen du eguneraketa berriak”, azaldu dute aplikazioaren sortzaileek, eta aplikazioaren egoeran jartzen den informazioa guztiz segurua dela gaineratu dute.