Teknologia -
Bat-bateko mezularitza
Allo atera du Googlek, WhatsAppi aurre egiteko
Bere kontaktuekin hitz egiteaz gain, Googlen laguntzaile pertsonala izango du eskura erabiltzaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Bat-bateko mezularitzaren arloan dauden aplikazio andanari (Line, Telegram, WeChat, Snapchat... eta, batez ere, WhatsApp) beste bat erantsi beharko diogu irailaren 21 honetatik aurrera: Allo. Ez da lehiakide makala, Google ahalguztidunak sortutakoa baita. Gaurtik aurrera izango da iOS eta Android sistemetarako eskuragai. Facebooken WhatsAppek duen nagusitasunari aurre egin nahi dio horrekin erraldoi teknologikoak, eta horretarako inteligentzia artifizialaz hornitu du aplikazio berri hau.
Hala, bere kontaktuekin mintzatzeko aukera izateaz gain, laguntzaile birtual bat izango du erabiltzaileak, planak egin, informazioa bilatu eta sentitzen duena errazago adierazi ahal izateko.
Elkarrizketetan galdera-erantzunen prozesua arindu nahian, "Erantzun inteligentea" izeneko aukera du Google Allok. Pantaila ukituz, aurrez prestatutako erantzunen artean aukeratu ahalko du, ezer idazten hasi beharrean.
Hitzekin ez ezik, emoji edo emotikonoak, eranskailuak –Facebook Messengerrek dituenaren antzekoak– eta argazkiak erabiliz ere komunikatu ahalko da erabiltzailea.
Hitz egin ezazu Googlekin
Bada gehiago. Google Assistant laguntzaile pertsonalaz hornitu dute Allo. YouTuberen bideo bat partekatu, jatetxe bat aukeratu edota leku batera joateko jarraibideak bilatu ahalko ditu erabiltzaileak aplikazioan bertan.
Googleren laguntzailearekin hitz egin dezake, edo harekin txateatu, @google idatzita.
Google Allorekin egiten diren elkarrizketa guztiak zifratuta daude. Horrez gain, isilean hitz egiteko modua ere ematen du.
Munduko hainbat herrialdetan eskuragarri dago jada, eta gainerakoetan (Espainiako Estatuan, kasu) datozen egunotan egongo da, Googlek bere blogean jakinarazi duenez.