Teknologia -
KOMUNIKAZIOAK
Zuntz optikoko kable batek AEB eta Europa lotuko ditu, Sopelatik
Itsaspeko kablea Facebookek eta Microsoftek eraikiko dute eta 160 terabit segundoko (Tb/s) igortzeko ahalmena izango du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Facebookek eta Microsoftek akordioa lortu dute zuntz optikoko kable berri bat eraikitzeko, itsaspean. Azken belaunaldiko kable horrek Europa eta Ameriketako Estatu Batuak lotuko ditu 2017tik aurrera, eta Telefonicaren filial batek (Telxius) kudeatuko du, bi konpainiek jakinarazi dutenez.
Urpeko kableak 6.600 kilometroko luzera izango du, eta Virginia Beachetik (AEB) abiatu eta Sopelatik (Bizkaia) sartuko da Europara. AEB eta Europa lotuko dituen kable hori Ekialde Hurbileko, Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako beste sare batzuekin interkonektatuta egongo da.
Horrez gain, itsaspean gaitasunik handiena edukiko duen kablea izango da. Zuntz optikoko zortzi pare kable izango ditu, eta, hasieran, 160 terabit segundoko (Tb/s) igorriko ditu.
Gainera, Atlantikoa zeharkatzen duten beste kable batzuk baino hegoalderago egongo da kokatuta, eta horrek Europako eta AEBko erabiltzaileek konexioa iraunkorragoa eta fidagarriagoa izatea suposatuko du.
Facebookek eta Microsoftek sinatu duten kontratuaren arabera, 2016ko abuztuan hasiko dira kablea jartzen, eta 2017ko urrirako egongo dira amaituta lanak. Era berean, sare ekipamendu ezberdinekin erabili ahal izateko kablea diseinatzea adostu dute.
Diseinu ireki horri esker, erabiltzaileek “onura nabarmenak” izango omen dituzte, kostuak txikiagoak izango baitira eta ekipamenduetan hobekuntzak errazago egiteko aukera izango baita, horien arabera. Ildo berean, banda-zabaleraren tasak azkarrago haziko direla esan dute, sistemaren eraberritzea eta teknologia optikoarena maila berean garatzea ahalbidetuko delako.
Internet bidezko abiadura handiaren eta konexio fidagarrien eskaera gero eta handiagoa dela adierazi dute bi konpainiek, eta egitasmo honekin Microsoften eta Facebooken erabiltzaileei eta beren bezeroei zerbitzu hobea eskainiko dietela azpimarratu dute.