Teknologia -
Auzitegi Gorenaren epaia
Hedabideek bermatu beharko dute 'ahaztua izateko eskubidea'
Hedabideek neurriak hartu beharko dituzte ospetsuak ez diren pertsonentzat kaltegarriak izan litezkeen informazioak Interneteko bilatzaileetan ez indexatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak hainbat informazio Interneteko bilatzaileetan ez indexatzera behartu ditu hedabideak. Dena dela, datu horiek hemeroteka digitaletan mantentzeko baimena eman die.
Hain zuzen ere, iraganean kondenatutako pertsonen datuak Googlen eta Interneteko gainerako bilatzaileetan ez indexatzea agindu du Gorenak. Hori bai, albisteetatik bertatik datu horiek ezabatzea “informazio eskubideari neurriz gaineko mugak jartzea” litzatekeela ebatzi du.
Gorenaren esanetan, "ahaztua izateko eskubideak" ez du esan nahi norberak "bere iragana berridatzi" dezakeenik, positiboak ez diren informazioak zabaltzea galaraziz.
Epai honetan, Goi Auzitegiak errefusatu egin du 80ko hamarkadan droga-trafikoan aritu ziren baina gaur egun guztiz birgizarteratuta dauden bi gizonen eskaera. Izan ere, Interneten bilaketa eginez, euren legez kanpoko jardueren albistea agertzen zela salatu zuten, eta kentzeko eskatu zioten hedabideari.
Gorenak ebatzi duenez, hedabideak hemerotekan mantendu ahalko du informazio hori, interes informatiboa dela eta, baina Interneteko bilatzaileek indexatzea galarazi beharko du.
Hori bai, kondenatutako pertsonak ospetsuak edo garrantzitsuak badira, horiei buruzko informazioak indexatzea ere baimendu du Gorenak.