Teknologia -
Sare sozialak
Facebookek Reactions sortu du emozio gehiago adierazi ahal izateko
“Zoratzen nau”, “dibertitzen nau”, “pozten nau”, “harritzen nau”, “atsekabetzen nau” eta “haserretzen nau” aukerak erabilgarri daude gaurtik aurrera.
Agentziak | Erredakzioa
Reactions, “atsegin dut” botoiaren luzapen bat, sortu du Facebook sare sozialak. Besteak beste, harridura, haserrea edo atsekabea adierazteko aukera izango dute sare sozialeko erabiltzaileek aurrerantzean.
“Zoratzen nau”, “dibertitzen nau”, “pozten nau”, “harritzen nau”, “atsekabetzen nau” eta “haserretzen nau” aukerak erabilgarri daude gaurtik aurrera, baina Espainian eta Irlandan bakarrik; izan ere, proba fasean daude.
Aukera horiek bistaratzeko, erabiltzaileak “atsegin dut” botoiari sakatu baina eutsi egin beharko dio menu bat agertzeko. Menu horretan, emotikono batzuk agertuko dira, emozio horiek adierazteko.
Argitaratze bakoitzaren azpian, laburpen bat azalduko da, “atsegin dut”, “zoratzen nau”, “dibertitzen nau”, “pozten nau”, “harritzen nau”, “atsekabetzen nau” eta “haserretzen nau” aukerak zenbat aldiz hautatu diren erakusteko.
Fase pilotua
Reactions fase pilotuan dago, mundu mailan martxan jarri baino lehen aukera berri horien erabilera eta balizko hobekuntzak aztertu ahal izateko.
“Erabiltzaileek Facebooken beren sentimenduak adierazteko bide berrien bila aritu gara lanean. Reactions ‘atsegin dut’ botoiaren luzapen bat da, edukiari eragiteko modu berriak eskaintzeko”, azaldu du Chris Tooswell produktuaren arduradunak.
Aukera berri horiek argitaratutako edukietan bakarrik erantsi daitezke, ez horiei atxikitako iruzkinetan.
Facebookek oraindik ez du jarri aukera hori mundu osora zabaltzeko datarik, Tosswellek esan duenez.
Behin eta berriz egindako eskakizuna
Facebookeko erabiltzaile batzuek “ez dut atsegin” botoi baten beharra nabarmendu dute aspalditik; izan ere, “atsegin dut” ez da nahikoa eduki batzuek erabiltzaileari eragiten diotena adierazteko.
Duela aste batzuk iragarri zuen Mark Zuckerberg sare sozialeko kontseilari delegatuak Facebook enpatia erakusteko modu berriak aztertzen ari zela.