Teknologia -
Teknologia berriak
WhatsApp erosi du Facebookek, ia 22.000 milioi dolar ordainduta
Mark Zuckerbergen konpainiak aurreikusita zeudena baino 3.000 milioi euro gehiago ordaindu behar izan ditu.
Erredakzioa
Facebook sare sozialak astelehenean amaitu du WhatsApp bat-bateko mezularitza zerbitzua erosteko prozesua. Azkenean, 21.800 milioi dolar ordaindu ditu, aurreikusita zegoena baino 3.000 milioi gehiago, azken hilabeteetan sare sozialaren akzioek gora egin baitute.
Otsailean iragarri zuen Facebook Inc konpainiak WhatsApp erosteko asmoa. Apirilean erosketari oniritzia eman zioten AEBko agintariek eta joan den ostiralean, Europako Batzordeak. Biek ala biek konpetentzia arazorik ez dagoela berretsi dute.
Esku-dirutan eta akzioen bidez
Zuckerbergen konpainiak 4.590 milioi dolar ordaindu ditu esku-dirutan eta 178 milioi , Facebookeko akzioen bidez. Halaber, WhatsAppeko langileentzako akzioen gaineko 46 milioi akzio (lau urterakoak) berreskuratzeko aukera beretzat gordeko du.
Astelehenean 77,65 dolar balio zuen Facebookeko akzioak, eta horren arabera, ia 22.000 milioi dolar ordaindu behar izan ditu Zuckerbergek WhatsApp erosteko.
Koum WhatsApp presidente exekutiboa eta Facebookeko goi karguduna izango da. Urtero dolar bat jasoko du soldata gisa, Mark Zuckerberg Facebookeko sortzaileak bezala. Dena dela, Facebooken 24,9 milioi jasoko ditu, 1.900 milioi dolar gutxi gorabehera.
WhatsAppek 70 langile baino gehiago ditu eta egoitza Mountain View (Kalifornia) izaten jarraituko du.
Facebook, bat-bateko mezularitzan muturra sartuta
WhatsApp erosi arte, bat-bateko mezularitzan lekua ezin eginda zebilen Facebook. Facebook Messenger sortu zuen baina, halere, ezin izan zien Koumen konpainiari, Line edo WeChat lehiakideei aurrea hartu. Azkenean, lehenengoa erostea ebatzi zuen.
WhatsAppek 600 milioi erabiltzaile ditu hilero. Facebookek, berriz, 1.300 milioi ditu mundu zabalean, horietatik 300 milioik Facebook Messenger erabiltzen dute.