Politika -
Elkartearen planak
Elkarbizitzaren helburua ez ahazteko eskatu du Baketikek
Bizikidetza eta berradiskidetzea bultzatzeko kulturari lehentasuna ematea ezinbestekoa dela esan dute.
Erredakzioa
Euskal Herrian "elkarbizitzaren helburua ahazteko arriskuari" aurre egiteko, gutxienez "zortzi edo hamar urtetan lehentasuna elkarbizitzaren alde lan egitea" izan behar duela esan du Baketikek. Bilbon, Jonan Fernandez bozeramaileak eman duen prentsaurrekoan, datozen hilabeteetarako planak aurkeztu ditu. ETAren azken komunikatuaz ere mintzatu da, baina "baiezko edo ezezko azkar" bat ematearen aurka azaldu da, horrelako adierazpenek "hausnarketa lasaiago" bat behar dutelako.
ETAk jarduera armatua behin betiko uzten zuela iragarri zuenetik, berradiskidetze kultura sustatzearen alde lan egin du Baketikek.
Urtebete pasatuta, elkarbizitza bigarren maila batera eraman duten bi arrazoi daudela azaldu du Fernandezek: batetik, behin indarkeria amaituta, gizartearen eta politikaren "lasaitasun normala", eta bestetik, denen kezka "krisi ekonomikoa" delako.
Bi faktore horiek bizikidetza lehentasunezko helburua ez izatera eraman dutela esan du eta horregatik, egoera aldatu behar dela uste du, "bake soziala finkatzea eta kaltegarriak izan daitezkeen albo-ondorioak saihestea jokoan daudelako "
Horren esanetan, azken urteotako indarkeriaren funtsa zuzendu behar da, elkarbizitzaren kulturaren alde eginez, etorkizunean "nahi ez diren erreakzioak ekiditeko".