Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Azken orduko esleipenak geldiaraztea eskatu dio Urkulluk Lopezi
Hurrengo lehendakariaren ustez, jarduneko Jaurlaritzak erabaki behar du funtzionarioei Gabonetako aparteko soldata eman edo ez.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak hurrengo Gobernuarentzat "konprometigarriak" izan litezkeen gastuak ez egitea eskatu dio gaur jarduneko Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, horren ustez, Patxi Lopez lehendakariaren Exekutiboak 640 milioi euroko esleipenak egin nahi ditu hurrengo egunetan.
"Faktoria" Euskadi Irratiko saioan egindako elkarrizketan, Aurrekontuetako konpromisoak hurrengo Jaurlaritzak gauzatu behar dituela adierazi du Urkulluk. "Kontu Auzitegiak argi utzi zuen gastua 1.200 milioi eurotan murriztu behar dela; beraz, hurrengo Jaurlaritzaren lana konprometituta egon liteke, ez bakarrik hurrengo urtean, baizik eta hurrengoetan ere".
Halaber, Jaurlaritzaren funtzionarioei Gabonetako aparteko soldata eman edo ez erabakitzea jarduneko Gobernuari dagokiola esan du Urkulluk. Horregatik, "erabakia hartzeko eta pilota besteen teilatura ez botatzeko" deia egin dio.
"Bete egin behar den oinarrezko legea bada, kontua da Jaurlaritzak zer erabaki duen, eta erabakitakoarekin aurrera egitea baimentzen duen txosten juridikorik duen", esan du.
Lehendakari izendapena jaso eta gero Administrazioa "argaldu" egingo duela aurreratu du. Besteak beste, orain independenteak diren hainbat Sail batu egin ditu.
PSEk HARREMAN ESKLUSIBOA NAHI ZUEN
Bestalde, Urkulluk iragarri duenez, PSE-EEk koalizio Gobernua osatzea proposatu zion EAJri, baina betiere harreman esklusiboa izatea baldintza gisa jarrita.
"Harreman bakarra haiekin izatea nahi zuten, baina kontuan izan behar dugu beste erakundeetan beste hainbatek dutela agintea, koordinatu egin behar ditugula gaiak, eta hori ezin du oztopatu PSE-EEk", esan du.
Urkulluk ez ditu koalizio Gobernuaren ateak itxi, baina gutxiengoan gobernatzea baino beste "alternatibarik" ez egotea posible dela erantsi du.