Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

PSE-EE ez da Powellekin bilduko horretarako 'arrazoirik ez daudelako'

Rodolfo Ares PSE-EEko legebiltzarkidearen esanetan, "Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu behar da bakea egonkortzeko auziak".

Rodolfo Ares PSE-EEko legebiltzarkidea, Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan. Argazkia: EITB
Rodolfo Ares PSE-EEko legebiltzarkidea, Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan. Argazkia: EITB
PSE-EE ez dela Powellekin bilduko iragarri du Rodolfo Aresek

00:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares PSE-EEko legebiltzarkideak eta batzorde negoziatzaileko kideak iragarri duenez, PSE-EE ez da Aieteko Adierazpena sinatu zuen Jonathan Powellekin bilduko.

Powell euskal alderdi politiko, Eliza, patronala eta sindikatuekin batzartuko da datorren asteartean Donostian, 2011ko urriaren 17an Aieteko Adierazpenean hitzartutako akordioei buruz hitz egiteko.

Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan Aresek esan duenez, ez dira Powellekin bilduko PSE-EEren parte hartzea justifikatzen duten "arrazoirik eta baldintzarik ematen ez direlako".

Aresek azaldu duenez, "bakea, askatasuna eta elkarbizitza egonkortzeko auziak orohar Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu behar dira eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren ekimena izan beharko da".

Halaber, "azken erabaki garrantzitsuak hartu behar dituena ETA da, behin betirako desegin behar delako", azpimarratu du sozialistak. "Espero dut ETAk erabaki hau hartzea, gizartearen gehiengoak hala espero duelako", azpimarratu.

Barne Ministerioaren adierazpenak

Asteartean egingo den Aieteko bilerak "ETAren desegitean oztopo larriak" jartzen dituela uste du Barne Ministerioak.

Ministerioko iturri batek Efe agentziari esan dionaren arabera, "ETAren egoera ikusteko ez da bitartekorik ezta egiaztatzailerik behar, Estatuko segurtasun indarrekin nahikoa delako; horiek baitira egiazko egiaztatzaileak".

UPyD ere ez da Powellekin batzartuko

Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak Aieteko Adierazpena errefusatu du eta "Powell eta gainontzekoekin bilduko ez" dela iragarri du. "Zigorgabetasuna ez egotea nahi dugu, eta haiek ahazturaz estali nahi dute ETAko historia kriminala", adierazi du Maneirok, "justizia eta gertatutakoaren egia gogoratzea nahi dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea