Politika -

Barakaldoko tragedia

Lopezek, 'lur jota', etxegabetzeen kontrako irtenbideak eskatu ditu

Kaleratzeak eten eta, Eusko Jaurlaritza berria osatu arte itxaron gabe, urgentziazko neurriak bultzatzearen alde egin du Urkulluk. Jaurlaritzak ere neurriak eskatu ditu Barakaldokoa ez errepikatzeko.

Idoia Mendia. Argazkia: EITB
Kaleratzeen kontrako 'luzamenduak' eskatu ditu Idoia Mendiak

01:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez jarduneko lehendakari eta PSE-EEko idazkari orokorra ''lur jota'' agertu da Amaia Egaña Barakaldoko bizilagunaren heriotzagatik, eta egoera hauen aurrean irtenbideak eskatu ditu. Lopezen hitzetan, ''ezin da jendearen bizitzaren horrela jolastu''.

Bere Twitter kontuan idatzi duen sarrera batean, ''lagun baten heriotzak'' eragin dion minaz aritu da, eta ''etxegabetzeak krisiaren alderik krudelena'' direla esan du. Amaia Egañak 53 urte zituen, eta, etxegabetu aurretik, bere buruaz beste egin du ostiral honetan, Barakaldon.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramailearen hitzetan, gertaera horrek "herritar askok bizi duten etsipena, sufrimendua eta drama islatzen du". Mendiak "hunkituta" hitz egin du, eta doluminak eman dizkie hildakoaren senide eta lagunei. Bozeramailearen hitzetan, luzapena aplikatu behar zaie etxegabetze agindua izanagatik, lanik gabe dauden familiei; izan ere, "ikaragarria litzateke familia bat etxetik botatzea, lege berriarekin bere etxebizitzan bizitzen jarraitzeko aukera izango duenean".

Espainiako Gobernua prestatzen ari den etxegabetzen gaineko lege-erreforma lehenbailehen onartzeko eskatu du, hipoteka ordaindu ezin dutenek beren etxebizitzan bizitzen jarraitzeko aukera izan dezaten. Mendia pozik agertu da lege-erreformarekin, izan ere, "likidezia arazoak dituzten pertsonek ordainketak eteteko aukera izango dute, enpresek bezala".

Bestalde, euskal epaileei Edmundo Rodriguez Achuteguiren bidea jarraitzeko eskatu die. Izan ere, hipoteka ordaintzeko luzapena eskaini behar zaiela uste du epaile horrek langabezian dauden pertsonei.

Euskal alderdien erreakzioak

Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidente eta lehendakarigaiak ''atsekabe eta elkartasun handiena'' agertu die Amaia Egañaren familiakoei, eta etxegabetzeek eragiten duten ''drama'' egoeren aurrean neurriak adosteko prest agertu da. Hala, lege berri bat onartu bitartean, etxebizitzak desjabetzeko ''agindu berriak bertan behera uztea'' proposatu du, eta, ''Eusko Jaurlaritza berria osatu arte itxaron gabe, urgentziazko neurriak'' bultzatzeko borondatea agertu du.Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak salatu duenez, gertatutakoa "banketxeen interesak pertsonen interesen gainetik jarri dituen politika ekonomikoaren ondorio larria da". Gainera, Legebiltzarrean egingo duen lehenengo ekimena zentzu horretan joango omen da. Mintegik erakunde publiko bat sortzea proposatuko du, horren bitartez banketxeek desjabetu nahi dituzten etxebizitzak kudeatzeko eta jabeei alokairu sozialaren baldintzetan bertan bizitzeko baimena emateko.

Antonio Basagoiti Euskadiko PPko buruak desjabetzeen arazoa konpontzeko konpromiso ''irmoa'' agertu du. Twitterreko bere kontuan plazaratu duen mezu batean, elkartasuna agertu dio Egañaren familiari, eta etxegabetzeen arazoa geldiarazteko neurriak martxan jarri ahal izateko Jaurlaritzak eta EAJk iragarritako akordio mezuekin bat egin du.

Ezker Batuak atsekabea agertu du Amaia Egañaren heriotzaren aurrean, eta PPk eta PSOEk egin nahi duten lege aldaketa dela-eta, beldur dira ez ote duten ''bankuei mesede egiteko bakarrik'' egingo. ''Orain premiazko ikusten duten egoera konpontzeko'', urtetan ezer egin ez izana egotzi die PPri eta PSOEri.Sindikatuak eta gizarte ergileak

ELA sindikatuak etxegabetzeak bertan behera uzteko eskatu du, eta herritarrei dei egin die 19:30ean Barakaldoko Justizia Jauregitik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko. Halaber, finantza erakundeen "zigorgabetasuna" kritikatu du.

LAB sindikatuak, bestalde, ''interes espekulatiboen alde jarduten duten bankuak eta agente politikoak'' jo ditu desjabetzeen ondorioz izan diren heriotzen erantzule, eta gaur arratsaldean Barakaldon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Etxegabetzeen kontrako legea egin arte denbora pasako denez, eta horrenondorioak herritarrek pairatzen dituztenez, Unai Sordo Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusiak etxegabetze prozesu guztiak bertan behera uzteko eskatu du.

UGT-Euskadi sindikatuak, bestalde, ''zentzugabekeria honekin bukatzeko'' zenbat pertsona gehiago hil behar diren galdetu die gobernuei. Heriotzagatik atsekabea agertu ondoren, UGTk adierazi du gertaera PPren Gobernuaren murrizketen ondorio dela, ''murrizketa horiek familiak porrotera eramaten dituztelako eta bankuak babesten dituztelako''.Mario Iceta Bilboko gotzainak ere ''atsekabea'' agertu du Barakaldoko heriotzaren aurrean, eta egoera hauek saihesteko ''mekanismoak martxan jartzea'' eskatu du.

Rajoyren Gobernua

Mariano Rajoyren Gobernuaren izenean, atsekabea agertu du Fatima Bañez Enplegu ministroak, eta, PSOEk eta Gobernuak lortutako akordioaren esker, ''irtenbideak laster'' iritsiko direla gaineratu du. Bañezek esan du Rajoyren Gobernuak ''desjabetzeak ekiditeko neurriak hartzen lehena'' izan dela, eta, orain, ''neurri horiek berraztertu'' behar direla, ''oraindik, zailtasun egoeren aurrean, babes berezia ez duen herritarrik ote dagoen aztertzeko''.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari orokorrak, bestalde, etxegabetzeak bertan behera uztea eskatu die, eskutitz bidez, banku eta kutxetako patronalei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea