Politika -
Auzitegi Nazionala
Aurore Martin baldintzarik gabe espetxera bidali dute
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak erakunde terroristako buruzagi izatea egotzi dio.
Erredakzioa
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzarik gabe kartzelara bidali du Aurore Martin Ipar Euskal Herriko Batasuneko buruzagia. Frantziako Poliziak atzo atxilotu zuen, Maulen (Ipar Euskal Herria), errepide kontrol batean, eta, ondoren, Guardia Zibilaren esku utzi zuen, Biriatuko mugan.
Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak erakunde terroristako buruzagi izatea egotzi dio Batasuneko kideari. Delitu bera egotzita auzipetu zuen Baltasar Garzon epaileak 2009ko martxoaren 23an. Pablo Ruz epaileak Baltasar Garzon epailearen tokia hartu du Auzitegi Nazionaleko 5 zenbakiko epaitegian.
Ruz epailearen auto judizialean irakur daitekeenez, Aurore Martinek (frantziar hiritartasuna dauka) ezker abertzaleko ekitaldi politikoetan parte hartu zuen, eta “ETA erakunde terroristako alderdi politikoko kide izan zen 2006 eta 2008 bitartean".
Halaber, “Batasuna-ETA erakundearentzat bitarteko ekonomikoak lortzeko bitartekari izatea” leporatu dio epaileak.