Politika -

Ipar Euskal Herrian atxilotuta

Hollandek babesa agertu zion Aurore Martini iazko uztailean

Frantziako Alderdi Sozialistako eta UMP kontserbadoreko hainbat buruzagik gogor kritikatu dute Aurore Martinen atxiloketa.

François Hollande Frantziako presidentea. EFE
François Hollande Frantziako presidentea. EFE
François Hollande Frantziako presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurore Martin Ipar Euskal Herriko Batasuneko buruzagiaren atxiloketak hautsak harrotu ditu Frantziako alderdi politikoen artean. Izan ere, Martinek frantziar hiritartasuna dauka, Estatu horretan legezkoa den alderdi bateko (Batasuna) kidea da, eta ez zaio odol-deliturik leporatzen.

Hain zuzen ere, ezker abertzalearen ekitaldi politikoetan parte hartzeagatik eta Batasuneko mahaikidea izateagatik auzipetu nahi du Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Hori horrela, iaz, François Hollande presidenteak babesa agertu zion Aurore Martini, eta, zeharka bada ere, estradizioaren aurka zegoela iradoki zuen.

Iazko uztailean egin zituen adierazpenak, oraindik ere Eliseora iritsi ez zenean. Hossegorren (Landak) oporretan zegoen, eta elkarrizketa eskaini zion France Bleu Pays Basque Iparraldeko irrati-kateari.

Elkarrizketa horretan, Aurore Martinen auzian "konponbide onuragarri bat" bilatzeko eskatu zion Nicolas Sarkozyren Gobernuari. Estradizioaren aurka zegoen galdetu zioten, eta Hollandek "beste irtenbide bat" bilatu beharra dagoela erantzun zuen.

Aurore Martinen auziak polemika handia piztu du Frantzian. Adibidez, Pierre Cheret Alderdi Sozialistaren Pirinio Atlantikoetako buruzagiak atxiloketa "demokratentzat onartezina" dela salatu du.

"Espainiako Justiziaren eta Frantziako Fiskaltzaren asmoa ez da terrorismoaren aurka borroka egitea, baizik eta ekitaldi politiko demokratikoak kriminalizatzea. Egoera hori onartezina da (...), eta oztopo jasanezina Frantziako demokrazian han maitetuta den adierazpen askatasunarentzat", gaineratu du, prentsa ohar batean.

Kotte Ezenarro sozialistaren esanetan, atxiloketa "ulertezina" da, "bake-prozesuan barrena" gauden honetan.

Dena dela, kritikak Nicolas Sarkozyren UMP kontserbadoretik ere etorri da. Max Brisson alderdi horrek Ipar Euskal Herrian duen buruzagiaren hitzetan, Aurore Martinen atxiloketa "seinale kezkagarria da Euskal Herrian bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiten dutenentzat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea