Politika -
Ipar Euskal Herrian atxilotuta
Aurore Martin Batasuneko burua atxilotu eta espainiaratu dute
Martinek ostiral honetan deklaratuko du Auzitegi Nazionalean seguru aski. Batasuna legezkoa da Frantzian.
Erredakzioa
Frantziako Poliziak Aurore Martin Ipar Euskal Herriko Batasuneko buruzagia atxilotu eta espainiaratu du ostegun honetan, Poliziatik jakinarazi dutenez.
Aurore Martinen kasua oso polemikoa da Frantzian. Izan ere, frantziar hiritartasuna dauka, Estatu horretan legezkoa den alderdi bateko (Batasuna) kidea da, eta ez zaio odol-deliturik leporatzen. Hain zuzen ere, ezker abertzalearen ekitaldi politikoetan parte hartzeagatik eta Batasuneko mahaikidea izateagatik auzipetu nahi du Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Frantzian, Alderdi Sozialistaren eta UMP kontserbadorearen hainbat buruzagi harrituta agertu dira atxiloketarekin, eta gogor kritikatu dute.
2010. urtean, Paueko Apelazio Auzitegiak onartu egin zuen Espainiako agintariek emandako euroagindua.
Horren ondorioz, Martinek etxetik alde egin zuen, baina, klandestinitatetik, elkarrizketak eman zituen eta manifestazioetan parte hartu zuen. Bake Bidea mugimenduaren partaidea ere izan da, eta kantoietako hauteskundeetara aurkeztu zen, ordezko gisa.
2011ko ekainean, Martin jendaurrean agertu zen berriro, Batasunak Biarritzen egindako ekitaldi batean. Une horretan, atxilotu egingo zutela ohartarazi zuen.
Handik eta aste gutxira, Frantziako Polizia atxilotzen saiatu zen, baina hainbat jarratzailek galarazi egin zuten.
Atzo atxilotu eta gero, Poliziak Guardia Zibilaren esku utzi zuen Aurore Martin, Biriatuko mugan.
Atxiloketak haserrea eragin du ezker abertzaleko jarraitzaileen eta buruzagien artean. Adibidez, Pernando Barrenak eta Joseba Alvarezek Twitterren salatu dute atxiloketa.
Sare sozial horretan, gainera, kanpaina bat abiatu dute, François Hollande Frantziako presidenteari Martin askatzea eskatzeko.
Jorge Fernandez Diaz eta Manuel Valls Espainiako eta Frantziako Barne ministroek txalotu egin dute bi estatuen arteko lankidetza.