Politika -

Istiluak Bilbon

Falangearen ekitaldia debekatu ez izana ulertezina da Azkunarentzat

"Iskanbilak egongo zirela jakinda, baimena nola eman zaien" ulertezina dela adierazi du Bilboko alkateak.

Azkuna: 'Ez dut ulertzen nola eman zitzaien Bilbora etortzeko baimena'

01:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen (EAJ) iritziz ulertezina da Falangearen ekitaldiari baimena ematea "demokrazia gutxiko alderdia dela erakutsi duenean", eta euren presentziak Bilbon "istiluak eragingo zituela jakina zenean".

Azkunak onartu du legearekin bat egin dela, baina baimenak ez duela "elkarbizitzan lagundu" gaineratu du. "Nahikoa eroak ditugu hemen, Madriletik hiru autobus bidaltzeko!", adierazi du.

Atzo, Bilboko erdigunean gertaturiko istiluen inguruan hitz egin du Azkunak. Bertan, 15 lagun atxilotu zituzten, kalte materialak egon ziren eta Ertzaintzak kargatu egin zuen.

"Baimena eman dienak, legea aintzat hartu du, baina elkarbizitzari ez dio garrantzirik eman, eta ez gaitu batere lagundu, ez guri ezta egunero gu bisitatzera datozenei ere", esan du.

"Ez dut ulertzen nola estatu demokratiko batean demokrazia gutxi erakutsi duen alderdi bati Bilbora etortzeko baimena ematen zaion", azpimarratu du. Azkunak ez du aipatu debekua zein erakunderen esku egon beharko litzakeen, hau da, Herrizaingo sailaren eta Bilboko guardiako epaitegiaren zeregina zen. Azken honetan, ekitaldia debekatzeko salaketa jarri zuen hilaren 9an Lau Haizetara Gogoan elkarteak.

Horren iritziz, muturreko eskuindarren elkarretaratzeak EAEko hauteskundeen "egunerokoa" aztoratuko luke eta debekatzeko eskatu zuen. Gaur bertan, "Espainiako Falangearen presentzia eta naziak Euskal Herrira etortzea ahalbidetzeagatik" ardurak eskatu ditu elkarteak.

Bildu: 'Karga polizial bortitzak'

Bestalde, Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udaleko Bilduko zinegotziak Ertzaintzak ostiral honetan egindako "karga bortitzak" salatu ditu, "Madriletik etorritako faxistei alfonbra gorria jarri ahal izateko". "Erakunde publikoek erabaki sendoa hartuko balute, atzoko egoera tamalgarria saihestuko lukete", azpimarratu du.

Ibaibarriagak Batzorde Elektoralak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak izandako jarrera salatu du, "faxismoa goratzen eta Euskal Herria umiliatzen duen ekitaldi bati baimena emateagatik". "Hasieratik deialdia galarazi beharko zuketen", azpimarratu du, "bazekitelako armakin gu mehatxatzera etortzekoak zirela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea