Politika -
Hezkuntza
Wert: 'Gobernuaren helburua ikasle katalanak espainiartzea da'
Hezkuntza ministroaren arabera, helburua "espainiarrak izateaz katalanak izateaz bezain harro sentitzea da".
Erredakzioa
Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza, Kirol eta Kultura ministroak adierazi duenez, "Gobernuaren helburua ikasle katalanak espainiartzea da, espainiarrak izateaz katalanak izateaz bezain harro sentitzeko".
Era horretan, "bi identitateen bizipenak orekatuta" izango dituztela esan du, biak "aberasten eta indartzen" dutelako.
Gobernuaren kontrol saioan egin ditu adierazpen horiek ministroak, izan ere, Gobernuaren ustez Katalunian hazi den sentimendu independentistak hezkuntza sistemarekin lotura ote duen galdetu dio Francesc Valles diputatu sozialistak.
"Kataluniako hezkuntza sistemak hartu duen bideak erkidegoak Espainiaren barruan dituen elementu historikoak gutxitzea dakar", ministroaren iritziz, aldiz, "Kataluniaren elementu propioak goraipatu egiten dira, batzuetan karikatura mailaraino".
Adierazpenak hutsegitea izan al diren galdetu dio Vallsek, baina ministroak esandakoa berretsi du. "Ez zaitez ahalegindu katalanaren abantailaz sinestarazten, hori jakin badakidalako", erantzun dio Wertek. Helburua "seme-alabak gaztelaniaz hezi nahi dituzten gurasoen eskubideak bermatzea da", gaineratu du. "Askatasun kontua da, eta Gobernuak eskubide hori bermatu behar du".
Halaber, Kataluniako hezkuntza sistemak hainbat aldaketa egin dituela ekarri du gogora, besteak beste "Espainiako Historia" ikasgaiari izena aldatu diotela esan du, eta Batxilergoko bigarren ikasturtean, "Historia" soilik izena duela azaldu du.
"BMinisterioaren asmoa, beraz, ikasle katalanak espainiar bilakatzea" dela berretsi du "espainiarrak izateaz katalanak izateaz bezain harro sentitzeko".