Politika -
Kataluniaren independentzia
Kataluniako erreferendum proposamenaz eztabaidatuko dute Kongresuan
ERCk legez besteko proposamena eramango du Kongresura, Kataluniako Parlamentuak sei hilabeteko epean herri-galdeketak deitzeko ahalmena izan dezan.
Erredakzioa
Kataluniak autodeterminazioari buruzko erreferenduma deitzeko duen ahalmenaz eztabaidatuko dute astearte honetan Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran; izan ere, Artur Mas Generalitateko presidenteak independentziaren gaineko galdeketa egin nahi du, azaroaren 25eko hauteskundeen ondoren Kataluniako Parlamentuaren gehiengoa burujabetzaren aldekoa bada.
ERC alderdiak eramango du gaia Kongresura, legez besteko proposamen gisa. Gehien jota sei hilabeteko epean Katalunian erreferendumak antolatzeko eskumena izatea eskatzen du Generalitateak, eta, horrela, Kataluniaren independentziaren gaineko herri galdeketa egin ahalko luke, Espainiako Gobernuaren baimenik gabe.
Kongresuan aurkeztutako ekimenak dioenez, Kataluniako Parlamentuak Herri Galdeketen Legea onartu zuen, eskumen hori garatzeko, baina PSOEren Gobernuak kontra egin, eta Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen, garrantzi handiko gaien gainean galdeketak egiteko eskumena Gobernuak soilik duela argudiatuta.
Diadaren eguneko manifestazioaren ostean erregistratu zuten legez besteko proposamena, eta, Artur Mas presidenteak hauteskundeak azaroaren 25era aurreratuko zituela iragarri zuenean, Kataluniako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuen, hurrengo legealdian autodeterminazioaren gaineko herri-galdeketa egiteko, CiU, ERC eta ICV alderdien aldeko botoekin eta PSCren abstentzioarekin.