Politika -
Bartzelona-Real Madril
Camp Nouko zale gehienak, independentziaren alde
Zaleek "independentzia" oihukatu dute partidaren 17:14. minutuan.
Erredakzioa
Igande honetan FC Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko partida ikustera Camp Nou estadiora bertaratu diren zale gehienek independentziaren aldeko aldarriak oihukatu dituzte eta 'senyera' erraldoi bat sortu dute, kartoi koloredunak eskuan.
17:14. minutuan, zaleak "In-inde-independentzia" oihukatzen hasi dira. Hautatutako minutua sinbolikoa da, 1714. urtean Kataluniak Ondorengotza Gerra galdu zuelako. Aldi berean, banderak independentistak erakutsi dituzte, Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC) eta beste hainbat elkartek eskatu bezala.
Partida hasi aurretik ere independentziaren aldeko aldarriak oihukatu dituzte, eta "Catalonia next European state" zioen pankarta bat erakutsi dute.
Artur Mas Generalitateko presidentearen esanetan, zaleen jokaera "ikusgarria" izan da, eta partidaren emaitza baino gehiago, aipagarriena "giroa" izan da. "Giro katalanista izan da, oso positiboa eta hezibide onekoa".
Halaber, mundu osoan Kataluniak "portaera onak" dituela ikusi ahal izan dutela nabarmendu du.