Politika -

Diada eguneko manifestazioa

Mariano Rajoyk gertaerek 'eraman' ez dezatela eskatu dio Artur Masi

'Nortasuna erakustea' eskatu dio Gobernuko presidenteak Kataluniako presidenteari, 'kontuak eskuetatik ihes egin aurretik'.

Mariano Rajoy Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Diputatuen Kongresuan.
Mariano Rajoy Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Kataluniaren independentziaren aldeko aldarria hizpide izan du, asteazken honetan, Espainiako Kongresuko kontrol saioan. Rajoy popularrak  "gertaerek eraman ez dezaten" lan egiteko eskatu dio CiU alderdi nazionalistari. Ez da aldarri soberanistekin "arazo gehiago eta ezegonkortasun politikoa" sortzeko unea, Mariano Rajoyren hitzetan; aitzitik, erronka "guztion laguntzaz" lanpostuak sortzea eta krisi ekonomikotik irtetea da erronka. Kontrol saioan, Gobernuko presidenteak nortasuna erakusteko eskatu dio Artur Mas Kataluniako presidenteari, "kontuak eskuetatik ihes egin aurretik".

Akatsak zuzentzea eta, langabeziaren arazoa konpontzeko, herrialdearen zor publikoa ordaintzeko eta likidezia arazoak uxatzeko, lan egitea eskatu die Mariano Rajoyk Kataluniako politikariei.

"Ezin die gertatzen zaien guztiaren errua besteei bota, eta ezin du erabaki okerrak hartuta ezegonkortasun politikoa sortu", azpimarratu du Gobernuko presidenteak. Halaber, irailaren 11n Bartzelonan independentziaren alde egin zen manifestazioaren goiburuarekin eta helburuarekin bat ez datorrela gaineratu du.

Pere Macias CiUko diputatuak erantzun die Mariano Rajoyren esanei, Josep Antoni Duran Lleida CiUko bozeramailea ez baita kontrol saioan izan gaixorik zegoelako. Macias nazionalistak nabarmendu duenez, inork ezin dio CiUri krisi ekonomikoaren kudeaketaren gaineko irakatsirik eman. Gainera, Katalunia tratu ezberdina "jasaten" ari dela salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea