Politika -
Diada
Aguirrek erkidegoen Estatua berrikustea eskatu du, atzokoaren ondoren
Madrilgo Erkidegoaren presidentearen ustez, manifestazioak "argi erakutsi zuen" badaudela erkidego batzuk "Espainiaren barruan ongi sentitzen ez direnak".
Erredakzioa
Esperanza Aguirre Madrilgo presidenteak uste du Kataluniaren independentziaren alde atzo egin zen manifestazioak "argi" erakusten duela erkidego batzuk (Katalunia eta Euskal Herria aipatu ditu) "Espainiaren barruan" ez direla "ongi sentitzen", eta horrek erkidegoen Estatua "berrikustea" eskatzen duela.
Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren saioan, UPyDri erantzunez, azaldu duenez, "Espainiak ezin ditu 17 miniestatu eduki, ezin dugu ordaindu".
Gainera, erkidegoen Estatua sortu eta 33 urtera, Katalunia eta Euskal Herria ez direla Espainian "hobeto integratuta sentitzen" azpimarratu du.
"Hogeita hamahiru urte eta gero, denok ikusten dugu Katalunia eta Euskal Herria ez direla Espainian hobeto integratuta sentitzen, eta atzokoak horixe utzi zuen agerian, nabarmen", berretsi du Madrilgo erkidegoko presidenteak Diadako manifestazioari erreferentzia eginez.
Hori dela eta, erkidegoen Estatua "berrikusteko" beharra azpimarratu du, eta Espainiako Gobernuari horixe proposatu diola jakinarazi du.