Politika -
Kataluniako festa nazionala
Independentziaren aldeko manifestazio jendetsua, Bartzelonako kaleetan
Poliziaren arabera, milioi eta erdi pertsonak parte hartu dute. Antolatzaileek diotenez, bi milioi izan dira. Dirudienez, hiru kilometro baino gehiago hartu ditu martxak.
Erredakzioa
Kataluniako bandera eskuetan, eta jai-giroan, milaka pertsonek (milioi eta erdi pertsonek, Poliziaren arabera, eta bi milioik, antolatzaileek diotenez) Bartzelonako kaleak hartu dituzte 18:00ak aldera, kataluniarren aldarrikapenak zabaltzeko. Manifestazioaren burua ezin izan da mugitu hasierako lekutik ordubete pasatu arte, eta hiru kilometro hartu ditu, Catalunya Radioren arabera.
Gobernuak Katalunian duen Ordezkariordetzak azaldu duenez, 600.000 pertsona izan dira manifestazio independendistan. Kataluniak 7.500.000 biztanle ditu.
EAJko, Eusko Alkartasuneko eta ezker abertzaleko ordezkariak Bartzelonaraino joan dira, manifestazio horretan parte hartzeko.
Politikari ugari bildu dira bertan, Ernest Maragall, Antoni Castells, Marina Geli, Angel Ros, Laia Bonet eta Joan Ignasi Elena, tartean. PSCko politikari horiek zuzendaritzak hartu duen jarrera ofizialetik aldendu dira.
Kataluniako Batzorde Nazionalak deitutako manifestazio independentistak behar den orduan hasi du ibilbidea, 18:00ak baino zertxobait lehenago, bitartean, Bartzelonara jende gehiago heltzen joan da.
‘Katalunia, Europako Estatu berria’ lelopean Casp eta Pau Claris kaleetako elkargunetik hasi dira lehenengo pausoak ematen, eta Gracia pasealekura eta Etorbide nagusira pasatu behar izan dute, gunea kolapsatu egin delako.
Kataluniaren erabakitze eskubidea aldarrikatzen duten pankarten artean, ingelesez idatzitako leloak (‘Yes we can’ eta ‘Catalonia is not Spain' dira gehien errepikatzen direnak) irakur daitezke, baita alemanekoak ere. Europako banderak ere jendearen artean ikusi daitezke.
Halaber, honako kontsigna hauek entzun ahal izan dira: "Mas liderra izan edo dimisioa aurkeztu ezazu", "Espainiarra salto egiten ez duena"…
Politikarien partaidetza handiaJoana Ortega Kataluniako Generalitateko presidenteordeak CiUko ordezkaritzaren buru izan da, beste bost kontseilarirekin eta Helena Rakosnik Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentearen emaztearekin batera.
Ondorengo kontseilari hauek izan dira: Andreu Mas-Colell Ekonomia kontseilaria, Josep Lluis Cleries Ongizate kontseilaria, Boiz Ruiz Osasunekoa, Irene Rigau Hezkuntzakoa eta Josep Maria Pelegri Nekazaritza, Ingurune eta Elikadura kontseilaria.
Artur Mas Generalitateko presidentea ez da manifestaziora joan, "rol instituzionalagoa" dagokiolako, baina Bartzelonako martxako jendearen "aldarria" berea egin du: "Nire bihotza zuekin dago", nabarmendu du.
Joana Ortega presidenteordeak esan duenez, inork ez du Katalunia isiltzea lortuko, eta partaidetza nabarmenagatik txundituta azaldu da.
Pujol: ‘Espainiak Kataluniari emandako tratuaren errefusapena da martxa’Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiak azaldu duenez, manifestazio independentista Espainiak azken urteotan Kataluniari emandako tratuaren "errefusapena" da.
"Izango genituela pentsatzen genuen bitarteko ekonomikoak, administratiboak eta politikoak behar ditugu, eta Estatutuaren Konstituzionalaren epaiaren ostean ukatu egin dizkigute", azaldu du manifestazioan parte hartu baino lehen.
Espainiak "erantzuna izan behar du honentzat, eta ezin du Katalunian ezer pasatzen ez den sentsazioa eman", nabarmendu du.
Mas martxako bultzatzaileekin bilduko da egun batzuk barruArtur Mas Generalitateko presidentea "egun batean edo bitan" Kataluniako Batzorde Nazionalarekin bilduko da, Bartzelonan astearte honetan Kataluniaren independentziaren alde egindako manifestazioaren bultzatzaileekin.
Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidenteak horren berri eman du, Gobernuan martxa independentista historikoa antolatu dutenen ordezkaritza batekin izan ostean.