Politika -
Elkarrizketak
PSErekin 'elkarrizketa harremana' duela aitortu du ezker abertzaleak
Maribi Ugarteburuk "elkarrizketa politikoak" abiatzeko dei egin dio PPri.
Erredakzioa
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak baieztatu egin du PSE-EErekin "elkarrizketa harremana" dutela, eta PPri "elkarrizketa politikoak" abiatzea eskaini dio. Izan ere, "etsaien arteko harremanak funtsezkoak eta ezinbestekoak dira edozein gatazka konpontzeko".
Donostian eskainitako prentsaurreko batean, Ugarteburuk "euskal gizartearen errealitatearen ispilura begiratzeko" dei egin dio PPri. Horren ildotik, elkarrizketak "zuhurrak eta aldebikoak" izateko xedez, ezker abertzaleak "erantzukizunez" jokatuko duela bermatu du bozeramaileak.
Ugarteburuk azaldu duenez, PSE-EErekin "elkarrizketa harremana" izan arren, oraindik ez dira iritsi "funtsezko negoziazioen lehen atalera". Hau da, "elkarrizketak hasteko atalean" daudela zehaztu du.
PSE-EE eta ezker abertzalea elkarrekin hitz egiten ari direla El Mundo egunkariak argitaratu zuen atzo.
Hori horrela, ezker abertzaleak legezko alderdi bat badu, horrekin nolabaiteko harremana izan beharko dutela esan zuen Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak.