Politika -
Presoak
AVTk preso gaixoen aldeko ibilaldia galaraztea eskatu du
AVTren ustez, ibilaldia "legez kontrakoa da", terrorismo delituengatik kondenatutakoak goraipatzeko helburuarekin antolatu baita.
Erredakzioa
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Josu Uribetxebarria Bolinaga eta beste hamahiru preso gaixoren askatasuna eskatzeko antolatu duten lau eguneko ibilaldia debekatzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari. Ibilaldi horrek Donostia Ospitalea eta Uribetxebarriaren jaioterria den Arrasate batuko ditu.
Horrela eskatu du elkarteak aste honetan zaintza lanetan dagoen Instrukzio Epaitegi Zentralean. Asoziazioaren ustez, "ibilaldia legez kontrakoa da, terrorismo delituengatik kondenatutakoak goraipatzeko helburuarekin antolatu baita".
Horregatik, Guardia Zibilari, Ertzaintzari eta Polizia Nazionalari Arrasaten bukatuko den ibilaldiaren antolatzaileen inguruko txostenak egitea eskatuko dio AVTk Javier Gomez Bermudez epaileari.
Idazkian, hilabete honetan Herrirak antolatutako bi manifestazio debekatu dituela gogorarazi dio AVTk Auzitegi Nazionalari. Bilbon eta Donostian egitekoak ziren agerraldiak debekatuak izan ziren terrorismoa goraipatzea egotzita.
"Errepikatu ez dadin"
Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohia eta Naroa Iturri kazetaria izan ziren astelehenean Donostian eginiko prentsaurrekoan ekimena azaltzeko arduradunak. Herritar guztiei zabaldutako iniziatiba goizeko hamaiketan hasi eta arratsaldeko zazpiak arte iraungo duten lau etapatan banatuko da, eta gaixotasun larriak dituzten ETAko hamalau presoren askatasuna eskatzeko erabiliko dute.
"Gaur egungo kartzela-politika oztopo bat da garai berri baten eraikuntzan", dio testuak.
Donostiatik Arrasateraino
Josu Uribetxebarriaren kasua "atzerapausoa" dela uste dute, eta gaixorik dauden hamalau presoak askatzea "derrigorrezkoa" dela. Horren harira, "normalizazioan eta bakegintzan aurrerapausoak egiteko kartzela-politika aldatzea beharrezkoa da", horien iritzian.
Ibilaldia lau etapatan banatuko da: Donostiako Ospitalea-Zarautz; Zarautz-Deba; Deba-Soraluze eta Soraluze-Arrasate.