Politika -

Josu Uribetxebarria auzia

Barne Ministerioak bihar erabakiko du hirugarren gradua eman edo ez

Neurria halabeharrezko pausoa da ETAko presoa baldintzapean aske uzteko.

Josu Uribetxebarriak giltzurruneko minbizia du, metastasiarekin. Argazkia: EITB
Josu Uribetxebarriak giltzurruneko minbizia du, metastasiarekin. Argazkia: EITB
Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua eskatu du Uribetxebarriarentzat

03:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak aurreratu du Espetxe Zuzendaritzak bihar arratsaldean erabakiko duela Josu Uribetxebarria ETAko presoari hirugarren gradua ezartzen dion. Presoak minbizi sendaezina dauka, eta gose-greban dago, aske uztea eskatzeko.

Hirugarren gradua ezartzea, hain justu, baldintzapeko askatasuna emateko lehen urratsa da.

TVEn egindako elkarrizketan, ministroak salatu egin du ezker abertzaleak ez duela "inolako errukirik" agertu Jose Antonio Ortega Lararen aurrean (Uribetxebarria bahitzaileetako bat izan zen).

Fernandez Diazek zehaztu duenez, Espetxe Zuzendaritzaren Tratamendu Batzordeak bihar goizean aztertuko du hirugarren gradua eman edo ez, eta arratsaldean Idazkaritza Nagusiak erabakia hartuko du.

Espetxe Zuzendaritzak hirugarren gradua ezartzea erabakitzen badu, helburua baldintzapeko askatasuna ematea izango dela gaineratu du Barne ministroak.

Azken hitza, baina, Espetxeratuen Zaintzako Epaitegi Zentralak izango du, eta horrek astelehenean jasoko du txostena.

Pedraz epaileak hirugarren gradua eskatu du

Ministroaren hitzak heldu baino lehenago, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak Josu Uribetxebarria ETAko presoari hirugarren gradua ezartzea aztertzea eskatu dio Espetxe Zuzendaritzari.

Uribetxebarriaren abokatuak aurkeztutako idatziei erantzunda gaur publikatutako probidentzia batean, epaileak Espetxe Araudiko 104.4. artikulua ezartzeko eskatu du, betiere baldintza guztiak betetzen badira.

Artikulu horrek "kasu bereziak" aipatzen ditu, eta gaixotasun larri sendaezinak dituzten presoei hirugarren gradua ezartzea ahalbidetzen du, "arrazoi humanitarioak eta duintasunezkoak" tarteko.

Halaber, epaileak "txosten mediko gaurkotuak" igortzeko eskatu dio Espetxe Zuzendaritzari, Auzitegi Nazionaleko Klinikak txosten bat egin ahal izateko.

Pedraz goardiako epailea da aste honetan, eta Jose Luis Castro Espetxeratuen Zaintzako epailea ordezkatzen ari da.

Uribetxebarriak lasaitasuna eskatu du

Josu Uribetxebarriak lasaitasuna eskatu du, bere abokatuak Gara egunkariari eta naiz.info-ri bidalitako ohar batean. 

"Eskaera argi bat egin nahi diot mundu osoari: mesedez, ni hemendik irten ala ez, zorakeriarik ez egin. Inon", azaldu du.

Uribetxebarriaren anaiak lehenbailehen aske geratzea eskatu du

Javier Uribetxebarria, ETAko presoaren anaiak, bere anaia lehenbailehen aske uztea eskatu du ostegun honetan Bilbon. Halaber, presoak ez duela gose-greba bertan behera utziko nabarmendu du, aske geratu arte.

"Ostiralean bada, astelehenean baino hobeto", azpimarratu du aske geratu daitekeen egunaren inguruan, Etxerat-en (ETAko presoen senideen elkartean) bileran parte hartu baino lehen Mikel Arana Ezker Anitzaren koordinatzaile nagusiarekin.

Bi atxiloketa protesta batean

Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu, Espainiako Gobernuak Donostian duen Ordezkaritzaren hesietara kateatzeagatik.

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gertakizuna 17:25ean izan da. Bi patruila hara joan dira, kateak moztu dituzte, eta gazteak atxilotuta eraman dituzte.

Herrira ETAko presoen aldeko elkarteak azaldu duenez, protesta ekitaldia 17:00etan hasi da, eta kateatu diren bi gazteak ez ezik, beste 60 pertsonak ere hartu dute parte, Uribetxebarria askatzea eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea