Politika -
Donostiako Ospitalea
Uribetxeberria egonkor dago, gose grebaren seigarren egunean
250 euskal presok baino gehiagok bat egin du gose grebarekin eta 420 preso inguru daude kartzeletan "borrokaldian", gaixotasun larriak dituzten 14 presoren askapena aldarrikatzeko.
Erredakzioa
Iosu Uribetxeberria egonkor dago Donostiako ospitaletik jakitera eman dutenez. Presoak 6. gose greba eguna du gaur. Atzo hainbat mediku-froga egin zizkioten bere osasun egoera zehatza zein den jakiteko eta gaur emaitzen berri eman dezakete.
Bien bitartean, gaur hasita, egunero bilkurak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Herrira plataformak deituta. 12:00etan izango dira kontzentrazioak, Donostian izan ezik, han 11:00etan izango da protesta-ekitaldia.
Gaurko osasun agiriaren zain, atzo Donostiako ospitaleak jakinarazi zuen Uribeetxeberriaren osasun egoera ez dela aldatu. Atzo goizean gaixotasunaren larritasuna diagnostikatzeko osasunproba (TAC bidezko biopsia) egin zioten. Espainiako Gobernuak esana du proben emaitzen arabera erabakiko duela Arrasateko presoa aske utzi ala ez, baina Herrirak dio lehendik behar zuela aske Josu Uribeetxeberriak.
Ertzaintzaren kontrako salaketa
Bestalde, presoaren senideek ertzaintzaren aurkako salaketa jarri zuten Epaitegian. Larunbat gauean Uribeetxeberria iraindu eta probokatu zutela salatu dute eta ez ziotela lo egiten utzi. Salaketa publikoaren ondorioz, Ertzaintzaren jokaera aldatu egin dela argitu dute, Herrirako kideek.
Dagoeneko plataformako 10 kide dira gose greban ospitale atarian eta protestak aurrera jarraituko du hurrengo egunetan, elizako, erakundeetako eta sindikatuetako ordezkarien babesarekin.
420 preso "borrokaldian"
Etxerat elkarteak dio 420 preso inguru ari direla Iosu Uribetxeberriari elkartasuna adierazteko hainbat protesta ekintza egiten, eta horietako gehienak gose grebari ekin diotela jakinarazi du.
Barne Ministerioaren arabera, berriz, une honetan 108 dira Espainiako kartzeletan gose greba egiten ari diren presoak, eta beste 51 gehituko omen dira ondorengo orduotan. Angel Yuste Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiak adierazi du "presio bide" horrek ez duela eraginik izango Gobernuarengan.