Politika -
Espainiako Vuelta
Vueltan 'euskal naziotasuna' aldarrikatzeko deia egin du Esaitek
Euskal selekzioa aldarrikatzen duen plataformak Espainiako Vuelta aprobetxatuko du horretarako, “betiere txirrindulariek merezi duten errespetua kontuan hartuta”.
Erredakzioa
Esaitek, euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen duen plataformak, astearte honetan azaldu duenez, Espainiako Vuelta Nafarroatik eta Euskaditik pasatzen denean "Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzeko" aprobetxatuko du, "betiere txirrindulariek merezi duten errespetutik".
Iruñetik abiatuko da aurtengo Vuelta, hilaren 18an, eta egun horretarako "kalejira" bat prestatu du Esaitek, "eskubide nazionalaren" alde. Kalejira 12:30ean hasiko da, Santo Domingo aldapatik Nafarroako Jauregira arte.
Halaber, abuztuaren 20rako, 12:20an, martxa bat antolatu du Eibarko Unzaga Plazatik Arrateraino, leku horretan amaituko baita Espainiako Vueltaren hirugarren etapa.
Espainiako Vueltaren ibilbidean dauden herrietako biztanleei dei egin die Esaitek inoren aurka ez doazen hainbat ekimenen bidez "nazio errealitatearen aitortza" eskatzera, "zilegi izateaz gain, beharrezkoa delako".