Politika -
Polemika
Ezker abertzalea: 'Ibazetak nahita egindako probokazioa jasan zuen'
Donostiako alkatearen idazkari ohiaren kontrako kanpaina bat dagoela uste du ezker abertzaleak, eta kargurik gabe libre geratzea espero du.
Erredakzioa
Ezker abertzalearen ustez, Josetxo Ibazeta Donostiako alkatearen idazkari ohia "gorrotoz erantzutea lortzeko nahita egindako probokazio batean erori zen", eta probokatzaileek "ezker abertzaleak Donostiako Udalean duten egoera politikoa gainbeheratu" nahi zutela nabarmendu du.
Juan Karlos Izagirreren aholkulari ohia terrorismoa goraipatzea leporatuta auzipetu dute, Eurokopa jokatzen ari zela Espainiako futbol selekzioko zale batzuek mehatxatzen erakusten duen bideo bat publiko egin ostean.
Pernando Barrena, Marije Fullaondo eta Juan Kruz Aldasoro ezker abertzaleko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Donostian, eta Ibazeta "nahita egindako probokazio batetik hasi zen gertaera bategatik" inputatzea salatu dute. Ibazetak ostegunean deklaratuko du Auzitegi Nazionalean.
Barrenak azaldu duenez, gertakizun horietan "probokatzaileak Ibazetaren bila joan ziren haren etxe ingurura, eta erreakzio bat aurkitu nahi zuten hura probokatuz; gainera, argi dago probokazio hori nahita egin zutela, kamera batez grabatzeko prest zeudelako".
Halaber, Donostiako alkatearen idazkari ohiaren kontrako "jazarpen politiko" bat dagoela nabarmendu dute, eta hori izateko prozesuan "alderdi politiko eta komunikabide batzuek" asko lagundu dutela uste dute.
Barrenak azaldu duenez, Josetxo Ibazetak "akatsa publikoki onartu, eta dimisioa aurkeztu zuen, Sortuk une hartan egokiak iruditu zitzaizkion neurriak hartu zituen eta gaur egun indarrean daudenak".
Buruzagi abertzaleak ostegun honetan kasu hau "ezertan ez" geratzea espero du, eta Ibazeta "inolako kargurik gabe" aske geratzea.