Politika -
Indarkeriaren amaiera
ETAk egindako 326 hilketa argitu gabe daude
Inpunitatearen aurkako Behatokiak txosten bat egingo du, ETA ez beste erakunde terroristen hilketa argitu gabeak zenbatzeko.
Erredakzioa
Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak azaldu duenez, biktimek sustatu egingo dute ETA ez beste erakunde terroristek egindako eta argitu gabe dauden hilketei buruzko txosten bat egitea.
Hain zuzen ere, Inpunitatearen aurkako Behatokiak garatuko du ekimena.
Pagazaurtunduak Eusko Legebiltzarrean egin du iragarpena. Bertan, zehaztu du ETAren 326 hilketa daudela argitu gabe, aipatu behatokiak ikertu duenez.
Orain, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza kasu guztiak aztertzen ari da, banan-banan, ahalik eta informazio gehien biltzeko.
Informazio hori eskuan, Behatokiak "Terrorismoaren Biktimen Liburu Zuria" sortuko du, biktima guztien izenak biltzeko, auzien egoera judiziala azaltzeko eta hiltzaileen egungo egoera judiziala zehazteko.
Hurrengo urratsa, heriotzarik gabeko atentatuei buruzko txosten bat idaztea izango da.
Pagazaurtunduaren esanetan, beste txosten bat egin asmo dute, baina ETA ez beste erakunde terroristen hilketa argitu gabeak zenbatzeko.