Politika -
Sortu legeztatu dute
Ezker abertzaleak zabalik dituen auziak
35/02 sumarioa (herriko tabernak) eta EHAKren eta ANVren kontrako auziak daude oraindik zabalik auzitegietan.
Bateragune, D3M-Askatasuna eta Sortu auzietako azken erabakien ostean, ezker abertzaleko 80 buruk, besteak beste Arnaldo Otegik, Rufi Etxeberriak eta Joseba Permachek, 12 urtera arteko kartzela-zigorren eskaerei aurre egin behar diete oraindik Auzitegi Nazionalean irekita dauden prozesuetan.
Epaitzeke dagoen auzirik garrantzitsuena Batasunak ETArekin zuen ustezko mendekotasuna eta herriko tabernen bitartez ustez egindako finantzaketa (35/02 sumarioa) ikertzen duena da. Zigor Arloko Bigarren Sekzioak epaitu behar du hori. Prozesu honetan, Otegik, Etxeberriak eta Permachek 12 urteko kartzela-zigorrari egin beharko diote aurre, buruzagi moduan talde terrorista baten parte hartzea egotzita.
Gainera, Fiskaltzak hamar urteko kartzela-zigorrak eskatzen ditu legez kanpo utzitako talde 20 kiderentzat, eta zortzi gehiago kasu honetako beste 17 auzipeturentzat.
Auzipetuen artean ondorengo hauek daude: Pernando Barrena eta Juan Jose Petrikorena ezker abertzaleko buruak, Ino Galpasoro Arrasateko alkatea, eta Nekane Erauskin eta Karmele Berasategi diputatu ohiak. Hamar urteko kartzela-zigorren eskaerei egin behar diete aurre, talde armatuko kide izatea edota harekin parte hartzea leporatuta.
Gainera, Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak Ekinen, Segiren, Askatasunaren eta Askapenaren azken zuzendaritza taldeen arduradunak ikertzen ari dira.