Politika -
Hipercorren urteurrena
Armadak beste Estatu kolpe bat ematea aztertu zuen Hipercorren ostean
Ardanza lehendakariak azaldu duenez, Felipe Gonzalezek jakinarazi zion militarren asmoa.
Erredakzioa
Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak azaldu du Espainiako Armadak beste Estatu kolpe bat ematea aztertu zuela Hipercorren atentatuaren ostean, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidenteak garai horretan jakinarazi zionez.
Ardanzaren adierazpenak Hipercorren atentatuaren 25. urteurren egunean etorri dira, hain justu. Atentatu hori ETAren historiako odoltsuena izan zen, 21 pertsona hil baitzituen, eta 45 zauritu.
Lehendakari ohiak RAC 1 irrati-kate kataluniarrean gogorarazi duenez, erakunde terroristak guardia zibil eta goi-militar asko (tartean Donostiako gobernadore militarra) hil zituen 1986an.
Ondoren, Hipercorreko atentatua jazo zen, eta horrek erantzun "basatia" izan zuen, "ETAk oraindik ere diktadura garaiko ospe mitikoa zuela pentsatzen zuten pertsona inozoenen artean ere bai".
Ardanzaren esanetan, militarrek uste izan zuten Gobernua ez zela "eragingarria" izaten ari "basakeriei aurre egiteko", eta "garaia" heldu zela "desordena eta autoritate falta konpontzeko".
Hain zuzen ere, Felipe Gonzalez garai hartako gobernuburuak jakinarazi zion Armadaren asmoa, eta "oso kezkatuta" agertu zitzaion.