Politika -
Artikulua blogean
'Abertzaleen aldarrikapenak' babestea egotzi dio Basagoitik Lopezi
EAEko PPren presidentearen arabera, sozialisten jarrerak "geroz eta muturrekoagoak dira eta urrun daude moderaziotik eta ez dira Euskadik behar duen abertzaleen alternatiba".
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak "iparra galtzea" eta "abertzaleen aldarrikapen historikoak" babestea leporatu dio Patxi Lopez lehendakariari, independentzia fiskalaren alde eta Gizarte Segurantzaren kutxa bakarraren kontra bozkatzeagatik atzo Eusko Legebiltzarrean fiskalitateari buruz egin zen monografikoan.
Basagoitik blogean azaldu duenez, sozialisten jarrerak "geroz eta muturrekoagoak dira eta urrun daude moderaziotik eta ez dira Euskadik behar duen abertzaleen alternatiba".
Buruzagi popularraren arabera, atzoko bozketak agerian uzten du "duela hilabete batzuetatik hona Euskadiko buruzagi sozialistak arlo ekonomiko, politiko eta sozialean noraezean daudela".
Basagoitirentzat atzoko saioa "porrot handi batekin" amaitu zen lehendakariarentzat, izan ere, onartu ziren PSE-EEren proposamenak "gutxi, eta zehaztasunik gabeak" izan ziren. EAJk, berriz, "babesa lortu zuen ia proposamen guztietan" eta PPk "proposamen guztiak onartu zituen".
Hala ere, atzoko bozketako "gertakari aipagarriena" beste bat izan omen zen: sozialistek "izaera abertzaleko" bost proposamenen alde egin zutela. Hori horrela, PSE-EEk "abertzaleen aldarrikapen historikoekin" bat egin zuela salatu du Basagoitik.